Lan istripuan hildako herritarren harira gaur Udalak onartutako adierazpena

0

Azken aldian egun gogorrak bizitzen ari gara ondarrutarrok. Kamiñazpeko lurbiziak eragin dizkigun kalteetaz gain, atzokoan Santa Clara izotz lantegian izandako lan istripuaren eraginez, bi langile ondarrutarrek galdu dute bizia.

IMG_20160315_120832202
Atzo, Ondarroako Frigorifica Santa Claran izandako lan istripuaren ondorioz hilik suertatu dira J.E. eta A.B langile ondarrutarrak. 2015 urtean, Euskal Autonomi Elkartean, lan istripuen ondorioz, 54 langile hil eta milaka zauritu ziren.
Datu hauek izugarriak dira. Azken finean, langile hauek euren eta euren familien bizibidea ateratzen galdu dute bizia. Gure gizarte garatu honetan, ditugun aurrerapen teknologiko guztiekin, datu hauek onartezinak dira. Horregatik, arazo sozial handi baten aurrean aurkitzen gara.
Lan egiten dugunon segurtasuna minimoki ezin badugu bermatu, zerbait larria ari da gertatzen gure gizartean. Eta ezinbestekoa da arazo sozial honen oinarrietara jotzea. Azken urte hauetan lan antolaketan, eredu berriak martxan jartzen ari dira. Besteak beste, malgutasun handiagoa eta lan erritmo intentsiboagoak. Hauek langilearen nekea handitu eta arreta galtzera eramaten dute, lan istripuak edukitzeko aukerak handituz.
Beraz, lan istripuen atzetik bi arrazoi nagusi daude. Alde batetik, enpresariak etekina ateratzeko nahia beste edozein helbururen gainetik jartzen duelako. Sarritan aipatzen da segurtasunean gastatzen dena ez dela kostua inbertsioa baizik. Zoritxarrez, gauzak ez dira horrela izaten, batez ere, empresario asko epe motzeko etekin ekonomikoei begira daudelako. Eta asmo onak alde batetara gelditzen dira, tartean lan osasuna, ahalik eta etekin borobilenak lortzeko.
Eta bestetik, Euskal Herrian gure Lan Harremanetarako Esparru propiorik eza da arazoa, bi Estatuen inposaketari aurre egiteko. Hau, ezinbestekoa dugu gure lan harremanak antolatzeko, lan erreformei aurre egiteko eta bide batez lan istripuak gutxitzeko.
Hau horrela izanik, Udal Osoko Bilkura honek ondorengo erabakiak hartzen ditu:
1.- Lan istripuaren ondorioz hilik suertatu diren J.E eta A.B familiei eta lagunei elkartasuna adieraztea eta laguntza ematea, ekonomikoa barne.
2.- Udal honek gertatutakoa argitzeko behar diren bitartekoak jarriko ditu, besteak beste, istripua gertatu den enpresako zuzendaritzarekin bilera bat eskatzea, istripuari buruzko informazio guztia eman dezan.
3.- Lan istripu hau argitzeko bide judiziala irekitzen bada, Udal honek herri-akusazio moduan aurkezteko konpromisoa hartzen du.
4.- Udal honek datozen bi egunak dolu egun izendatzen ditu eta banderak haga erdian jarriko ditu.
5.- Udal honek, lan istripua salatzeko antolatu diren mobilizazioekin bat egiten du, hain zuzen datorren asteazkeneko 11:30 eta 13:30 arteko lan geldialdiarekin, eta 12:30ean egingo den manifestaldiarekin, eta bide batez herritar guztiei dei egiten die protesta hauetan parte hartu dezaten.
6.- Erabaki guzti hauek udal bando eta ohizko hedabideen bidez herritar guztiei ezagutzera emango zaizkie.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina