San Ignazioko bizilagunek agerraldia egin dute

0

Hauxe da agerraldian irakurri duten testua:

Saiñazio, mendi azpixan gestoraren prensa oharra (2016 05 07)
Gaurko agerraldi honetan gorriz jantzi gara, herritar asko gure etxeetatik kaleratuta gaudela gogoraraztek0, baita kaleratuok eta beste asko gorriak ikusten ari garela ere.
Horregatik adierazi nahi dugu:
1. Etxetik irtenarazitako familioi beste etxe bat eskaintzea oso ASTIRO doa. Apirilaren 15eko bileran, udalak esan zigun Alokabidek maiatza bukatu arteko epea emana ziola guztioi erantzun bat emateko, alegia, ia hiru hilabete beharko zituztela.
Bitartean gure herri eta ingurukoen elkartasunetik bizi gara, haien etxeetan, haien eta gure pazientzia jokoan jartzen.
Alokabidek, apirilaren 22an, prentsari titularra eman zion: 50 familia etxeetan sartuta zituela. Gure datuen arabera, ordea, apirilaren 28an ordezko etxea hartuta 26 familia zeuden Ondarroan, eta beste 14 hemendik kanpo.
Horregatik, Alokabideri eskatu nahi diogu jarrai dezala guri ordezko etxeak bideratzen, eta utz ditzala kopuruak eta titularrak ekainaren hasierarako edo benetan lana amaitutzat ematen duenerako. Izan ere, larrialdi egoera honetan bizi garenon ezinegona areagotu besterik ez du egiten horrelako titularrekin.

2. Etxe multzo batek kalte materialak ditu jada, baina zorionez inork ez du, ez bizirik galdu, ez zauri nabarmenik izan. Hala ere, horrek ez du esan nahi kalte pertsonalik ez dagoenik. Pertsona asko gara, eta ezinegonak, ezinjakinak eta ezineginak jota gaude denok. Guztiok ditugu zailtasunak egoera larri honetara ohitzeko. Etxetik kanporatutako familien artean ume asko daude, baita gaixoak ere, hondamendi honek ahulago harrapatu dituenak. Beraz, ez zabaldu, mesedez, kalte pertsonalik ez dagoenik.

3. Gure kale hau eta Kamiñaldekoa itxita egoteak baditu beste albo-kalte batzuk ere. Lubakiaren atzean daude Kamiñazpikoak, irla batean moduan, Bizkaibus zerbitzurik gabe bi hilabetean; baita Kamiñaldekoak ere, autoz ezin ailegatuta; gure kaleko denda eta negozioetakoak, berriz, kale erdi-fantasman itotzeko zorian.

4. Udalari esan nahi diogu jaso dugula egueneko prentsaurrekoan egindako proposamena. Aurrerantzean, batzarrak elkarlanerako gune izan daitezela informazio bide baino erabaki gune izateko.

Gainera, gu eta gure etxeak babesteko, mendian lurrak hartu behar izan dizkiete beste hainbat auzokori.

 

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina