Aurrera begira Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak osatutako lantaldea eratu dute gaurko bileran

0

Aurrerantzean Kamiñaldeko mendi magalaren gaia lantzeko lantaldea sortu dute gaur Bizkaiko Foru Aldundiak Bilbon duen egoitzan egindako bileran. Ondarroako Udala, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek osatuko dute aipatutako lantaldea eta finantzazioaren gaia ez eze Kamiñaldeko lanei buruzko hainbat gai jorratuko dituzte bertan. Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatua eta Jesus Garcia Larragan aholkularia izan dira Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako sailburua. Ondarroako Udaletik berriz, Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga, alkatea, Loren Arkotxa eta kontuhartzailea izan dira gaur goizeko bileran.

Pozik baina aldi berean gaurko bileran zehaztutakoa lehenago egin zitekeenaren ustearekin atera dira Ondarroako ordezkariak bileratik. ‘Duela lau hilabete ere lantalde hau osatu zitekeela pentsatzen dugu, Ondarroan bizi dugun larrialdi egoerak horrenbeste eskatzen duelakoan gaude’ azaldu du Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak. Dena dela, pozik hartu du hiru alderdien arteko lantaldea osatzeko ideia Ondarroako alkateak eta aurrerantzean ere orain arte moduan lanean jarraitzeko asmoa agertu du.

Aipatutako lantaldearen hurrengo bilera datorren astean izango da Ondarroako Udalak orain arte egin moduan herritarrak jakinaren gainean izango dituela aurreratu du.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina