Kamiñazpiko parkea eraberritzeko parte hartze prozesua abiatuko du Ondarroako Udalak

0

Kamiñazpiko parkea egokitzeko egingo diren lanak diseinatzeko, parte hartze prozesu berria jarriko du martxan Ondarroako Udalak. Herritarrek beraz, aukera izango dute, Kamiñazpin, zer nolako parkea nahi duten erabakitzeko. Prozesua dinamizatzeko Hirideak, diseinu eta parte hartze gaietan aditu taldea, eta haurren aisialdian aritzen diren Ondarroako bi lagunek osatutako lantaldearen laguntza izango du Udalak.

Biztanle guztien eskubideak bermatzeko hirigintzan ere ikuspegi barneratzailea txertatu nahi du Ondarroako Udalak. Hau da, jendartean aniztasuna barneratuko duen hiria diseinatu nahi du, horretarako genero ikuspegia aintzat hartuz, herrian parte hartzen duten eragile eta norbanako guztien iritzia jaso nahi du prozesu berritzaile honen bitartez. ‘Zelako herria nahi dugun erabakitzea herritarroi dagokigu, herritar guztioi. Hori dela-eta herrian egin behar ditugun aldaketak guztion premia eta nahietara egokitzea garrantzitsua da’ azaldu du Oier Lertxundi Ondarroako Hezkuntza Batzordeko eta parte hartze prozesuko arduradunak. Hori gauzatu ahal izateko estreinakoz adin guztietako erabiltzaileei zuzendutako parte hartze prozesua jarriko du martxan udalak. ‘Herriko txikienak izango dira parkeko erabiltzaile nagusiak eta etorkizuneko Ondarroan biziko direnak, ezinbestekoa da beraien nahiak ere biltzea’ gaineratu du Lertxundik.

Haurrak protagonista
Aurkeztutako parte hartze prozesu berritzaile honek hiru ardatz nagusi izango ditu: haurren partaidetza, helduen partaidetza eta jarraipen batzordea. Berau hiru fase ezberdinetan garatuko da: diagnostikoa, diseinua eta sorkuntza bateratua.

Otsailean abiatuko da parte hartze prozesua eta guztira 6 hilabeteko iraupena izango du. ‘Herritarrekin batera parkeko egitura berria diseinatzeko 4 parte hartze saio antolatuko ditugu eta saio horiei jarraipena egiteko udal teknikari eta auzotarrez osatutako batzorde bat ere egongo da’ azaldu du Ianire de Andres Hirideak lan taldeko kideak.

‘Lan-saioak hiru zatitan banatuko ditugu parte hartze prozesuak eta urbanizatze proiektuak bat egiteko’ gaineratu du De Andresek. Aurkezpena eta diagnostikoa egingo ditu udalak lehenbizi, parkearen betebeharrak finkatzeko. Ondoren, bi saio izango dira diseinurako, herritarren proposamenei forma emateko, eta azkenik, sorkuntza bateratua burutuko da, non teknikariek eta herritarrek azken itxura adostuko duten. Prozesuari amaiera emateko, ekainean behin betiko proiektuaren aurkezpen publikoa egingo du udalak.

Dinamikeei buruzko xehetasunak ere eman dituzte herriko dinamizatzaileek: ‘Herritarrek euren osotasunean parte hartzeko, bi taldetan banatuko ditugu: haurrak eta helduak’ azaldu dute dinamizatzaileek. Talde bien elkarlana sustatzeko, saioen amaieran bildu eta nahiak eta proposamenak partekatuko dituzte. Haurren tailerrak konfiantza-giroan gauzatzeko, herriko begiraleekin lankidetzan arituko dira.

Herriko txikienekin lan egitea ez da lan erraza izaten horregatik beraiengana hurbiltzeko metodologia erabiliko dute dinamizatzaileek. Jolasen bitartez, beraien ametsetako parkea irudikatzeko tresnak eskura izango dituzte herriko txikienek. Gainera, ahal den heinean, parkean bertan burutuko dira ekintzak, espazioak berak ematen dituen aukerak baliatzeko.

Lehenengo hitzordua
Dagoeneko lehenengo lau parte hartze saioetarako hitzorduak jarrita daude, guztiak zapatu goizetan izango dira, eta herritarrak Kamiñazpiko parkean elkartuko dira. Lehenengo hitzordua otsailaren 11an izango da.

Bukatzeko herritarrak parte hartzera animatu nahi ditu Udalak: ‘Guk gure aldetik herritarrak parte hartzera animatu nahi ditugu, bakoitzak bere iritzia eman dezala, bere nahiak adierazi eta premiak azaleratu. Eraikiko den proiektu berrian kontuan hartuko direlako prozesuan herritarrek egindako ekarpenak’ azaldu du Lertxundik.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina