Kamiñaldeko lanak bideratzeko jasotako diru ekarpenekin plana osatzen ari da Ondarroako Udala

0

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, Ondarroako Kamiñaldeko lanak bideratzeko egingo duten diru ekarpena mahai gainean jarri dute. Eusko Jaurlaritzak 1,2 milioi euro bideratuko ditu Kamiñaldeko lanak bukatzeko eta Bizkaiko Foru Aldundiak berriz, milioi bateko diru laguntza eta 2 miloiko mailegua eskaini dizkio Ondarroako Udalari. Hori horrela izanda, orain arte erakunde bakoitzak Kamiñaldeko lanak bideratzeko egindako ekarpena honakoa da:

  • Ondarroako Udala 5,5 milioi
  • Eusko Jaurlaritza 3,2 milioi
  • Bizkaiko Foru Aldundia 2,5 milioi
  • Espainiako Gobernua 2,180 milioi

Ondarroako Udalak beraz, Bizkaiko Foru Aldundiak lagatako 2 milioiak 10 urteko epean Udal Kutxatik bueltatu beharko dizkio. Hori dela eta, une honetan, Ondarroako Udala 2 milioiak bueltatzeko baldintzak negoziatzen ari da Bizkaiko Foru Aldundiarekin. “Gure udalak egoera ekonomikoa zaila bizi du une honetan, eta beste bi milioitako mailegu bati aurre egiteak are gehiago zailtzen ditu gauzak, horregatik, herrian inbertsioak egin eta proiektuak aurrera eraman ahal izateko mailegua itzultzeko baldintzak negoziatzen ari gara” azaldu du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkateak.

Ondarroako Aldundiak mailegua bueltatu ahal izateko honako baldintza hauek onartzeko eskaria egin dio Bizkaiko Foru Aldundiari maiatzean egindako bileran:
-2 milioiko maileguaren itzulpena egiteko ordainketak 2020. urtera arte ez hastea.
-Noiz edo noiz, udal kutxa negatiboan egongo balitz, maileguaren ordainketa atzeratzeko aukera izatea.
-Bizkaiko Foru Aldundiak herrietan martxan jarriko dituen proiektuen artean Ondarroako herriari lehentasuna ematea: Plaiko zubia edota Txorierrekako bidearen konponketa lanetan esaterako.

Ondarroako Udalak gutxieneko horiek onartzea ezinbestekoa dela uste du, horrela izan ezean udalak zailtasunak izango dituelako herrian premiazkoak diren proiektuak garatzeko. “Beste bi milioiko mailegu bati aurre egin behar izatea gogorra da guretzat, arnas pixka bat hartu eta herrian premiazkoak diren proiektuak garatzeko beharrizana daukagu” dio Bedialaunetak. Kamiñaldeko mendi magaleko lanak ordaintzeko udalak guztira 4 milioi euroko mailegua eskatu behar izan du, Ondarroako herriaren urte beteko aurrekontuaren erdia zorpetu da beraz. “Ondarroako herria da Kamiñaldeko kaltetu zuzena, herriarentzako berebiziko garrantzia duten hainbat proiektu egin barik geratuko direlako, Kamiñazpiko urbanizazio proiektua, futbol zelaiko azpiegiturak hobetzea, Kale Handiko igogailua eta beste asko…” dio Bedialaunetak. “Hala eta guztiz ere, udalean herriaren mesedetan lanean jarraituko dugu eta behar den leku guztietan atea joko dugu herrian behar beharrezkoak ditugun proiektuak gauzatu ahal izateko” gaineratu du alkateak.

Bizilagunen etxera buelta

Egoera kontuan hartuta eta Bizkaiko Foru Aldundiaren erantzunaren zain dagoen bitartean, Ondarroako Udalak dauzkan eta jasoko dituen diru-iturriekin mendiko lanen bigarren fasea martxan jartzeko kronograma bat osatzen ari da. “San Ignazio kaleko bizilagunak etxera ahal bezain azkar itzultzeko mendiko lanen gestioak azkartu behar ditugu, eta horretan esfortzu handia egingo dugu” esan du alkateak. “Falta diren bizilagunak etxeetara bueltatzeko mendiko lanen bigarren zatia lotuta izan behar dugu eta horretaz gain, etxeek azterketa teknikoa egina eta gaindituta izan beharko dute, baina asko ez luzatzea espero dugu” azaldu du alkateak.

Gaur 46A, 46B eta 40A atarietako bizilagunak etxera bueltatu dira eta hori poztekoa dela esan dute udal ordezkariek. “Denbora luzean etxetik kanpo egon eta gero hainbat ondarrutarrek etxera itzultzeko aukera izan dute gaur, eta hori pozik egotekoa da, hala eta guztiz ere bizilagun guztiak etxera itzuli arte oraindik ere lanean jarraitu behar dugu” esan du Ondarroako alkateak.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina