Aniztasun funtzionala dutenek lagundutako bainuaren zerbitzua erabili ahal izango dute uztailaren 1etik aurrera

0

Aurten lehen aldiz, aniztasun funtzionala duten pertsonentzako be lagundutako bainuaren zerbitzua egongo da Ondarroako Arrigorri hondartzan. Zerbitzua uztailaren 1ean jarriko da martxan eta abuztuaren 31n bukatu, egunero 11:00etatik 19:00etara izango da erabilgarria behar duenarentzako.

Aurten zerbitzua aurrera atera ahal izateko, Ondarroako Udalak jardun osoz lan egiteko begirale bat kontratu behar izan du, baina hurrengo urtean Bizkaiko Foru Aldundiak osotasunean hartuko du zerbitzu honen kudeaketa bere gain, Bizkaiko beste hondartzetan egiten duen moduan, Bidaideak eta BBKren laguntzarekin.

Udalak uste du mugikortasun arazoak dituzten herritarrentzat mesedegarria izango dela zerbitzu berria eta horregatik ahalegin ekonomikoa egitea erabaki du. Uda sasoiaren bukaeran zerbitzuaren balorazioa egingo du Udalak baina aurrez herriko Ongizate Batzordeko partaide guztiek albistea gogotsu hartu dutela aurreratu du. ‘Bizkaiko Foru Aldundiarekin zerbitzuaren inguruko batzarrak gertutik jarraitu dituzte batzordekideek, beraiek zerbitzu honen premia lehenengo pertsonan bizi baitute’ azaldu du Rakel Elu ongizate arloko zinegotziak.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina