Guraso eskoletan izena emateko epea zabalik

0

Aurten ere guraso eta hezitzaileei zuzendutako guraso eskolak antolatu ditu Ondarroako Udalak. Nerea Mendizabal psikopedagogoa eta gizarte hezitzailea eta Ondarroako Udaleko Hezkidetza programako Urtxintxa Eskolako hezitzaileak izango dira eskolak gidatuko dituztenak. Izan ere, aurten, iaz bezala, Ondarroako hezkidetza programak eta guraso eskolak bat egiten dute eskola hauetan.

Aurten baina, eskolak umeen adin taldeen arabera hiru hilabeteko epeetan antolatuko dira. Urria, azaroa eta abenduan 0-10 urte bitarteko umeen gaiak landuko dira. Hurrengo hiru hilabetean, berriz, nerabeen gaiak izango dira hizpide eta 2018ko apirila, maiatza eta ekainean, berriro ere, 0-10 bitarteko umeen gaiei erreparatuko diete. Horrez gain, otsailaren 27an hezitzaileentzat propio prestatutako saio bat egingo da egoera oldarkorrak kudeatzeko estrategien inguruan.

Guraso eskoletan parte hartu nahi dutenek aurretiaz izena eman beharko dute udaletxean bertan, 94 683 3676 telefonora deituta edo aetxaburu@ondarroa.eus helbidera idatzita. Izena emateko hiruhileko bakoitzeko 5 euroko matrikula ordaindu beharko dute interesatuek. Udalak haurtzaindegi zerbitzua ere jarriko du behar duten horientzat.

Udala pozik dago joan den urtean antolatutako eskolek izandako erantzunarekin eta aurten ere gurasoek heziketarako duten premiaz ohartuta esperientzia errepikatzeko apustua egin du. ‘Herriko guraso eta hezitzaileen artean zegoen kezka bati erantzuten saiatu gara, erantzuna ona izan denez errepikatzea erabaki dugu’ azaldu du Eneritz Basurko hezkuntza arloko zinegotziak.

Lehenengo saioa datorren urriaren 10ean izango da 17:30etatik 19:30etara Etxelilan. Saio guztiak martitzenetan izango dira 17:30ean eta Etxelilan.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina