Etxeetan kalteak izan zituzten San Ignazio kaleko azken zazpi familiak gaur itzuli dira beraien etxeetara

0

Gaur albiste honen berri emateko agerraldia egin du Ondarroako Udalak eta San Iñazio mendi azpixan gestorak:

Gaur beraien etxeetan kalteak izan zituzten eta oraindik euren etxebizitzetatik kanpo zeuden San Ignazioko zazpi familiak etxera bueltatu dira. Azken familia hauen etxeratzearekin 2016ko martxoaren 8an Kamiñaldeko lubiziaren ondorioz,  etxetik irten behar izan zuten familia guztiak beraien etxeetara itzuli dira. Pozik hartu du albistea Ondarroako Udalak. ‘Herriak denbora luzea darama albiste honen zain eta azkenean ere iritsi da eguna, bizilagun guztiak beraien etxeetara itzultzeko aukera izan duten eguna’ azaldu du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkateak.

Hogeita bat hilabetez egon dira San Ignazio kaleko bizilagunak beraien etxeetatik kanpo eta denbora horretan udalak bere bitarteko guztiak herritarren eskura jarri baditu ere, sarritan ez dela nahikoa izan azaldu du udalak. Bizilagunei eta udalari egoera hau bizi eta kudeatzea egokitu zaie. ‘Hilabete gogorrak izan dira Ondarroako herriarentzat baina gaur, harro esan genezake tamaina honetako arazoei ere irtenbidea ematen jakin dugula’ gaineratu du Bedialaunetak. Tartean une zailak ere izan dituztela adierazi du udalak baina modu batean edo bestean aurre egin diotela. ‘Une gogor horietan kaltetuekin uneoro harremanetan egotea lagungarria izan da beraien beharrizanak eta kezkak gertutik ezagutu eta posible izan dugun neurrian konponbidea bilatzeko’ gaineratu du alkateak.

Kamiñaldeko auzia oraindik ez dela bukatu aipatu du alkateak, izan ere, oraindik mendia egonkortzeko azken fasea bukatu gabe dago, besteak beste lur jabeen gaia konpondu behar da eta itxita jarraitzen duen bidea zabaldu. ‘Orain arte lehentasuna San Ignazioko bizilagunak etxera bueltatzea izan da baina 2018an beste guztia bideratu behar dugu’ azaldu du Bedialaunetak. Horretaz gain, momentua iristen denean, atzera begiratu eta mendian egindako lanen aurrekariak aztertu nahi ditu udalak, gertatutakoa ulertzeko.

Finantzazioa
Etxebizitzen alokairua, etxeen konponketa… udalak ahal izan duen guztian lagundu du, kaltetutako herritarren ongizatea bilatu duelako baina horrek izan du bestelako eraginik udalean. Izan ere, beste erakundeetatik jasotako diru laguntzak ez dira nahikoa izan eta horrek zorpetze maila altua ekarri dio udalari. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzak 3,2 milioi euro bideratu ditu Kamiñaldeko lanak bukatzeko eta Bizkaiko Foru Aldundiak berriz, milioi bi ta erdiko diru laguntza eta 2 miloiko mailegua eskaini dizkio Ondarroako Udalari Udak Kutxatik ordaintzeko. Hori horrela izanda, orain arte erakunde bakoitzak Kamiñaldeko lanak bideratzeko egindako ekarpena honakoa da:

Erakundea Ekarpena (milioi eurotan)
   
Ondarroako Udala 7
Eusko Jaurlaritza 3,2
Bizkaiko Foru Aldundia 2,5
Espainiako Gobernua 2,18
Guztira 14,88

Kamiñaldeko mendi magaleko lanak ordaintzeko udalak guztira 5 milioi euroko mailegua eskatu behar izan du, Ondarroako herriaren urte beteko aurrekontuaren erdia zorpetu da beraz. “Ondarroako herria da Kamiñaldeko kaltetu zuzena, baina orain arte moduan denon artean herriaren eraikuntzan aurrerapausuak emango ditugu. Egoera zailenetan ere aurrera egin dugu eta gero ere horrela egingo dugu elkarrekin batera” dio Bedialaunetak.

Udalarekin batera San Iñazio mendi azpixan gestorako kideek ere agerraldian parte hartu dute, hauxe beraiek gaur agerraldian esandakoa:
Gaur bueltatuko dira eraikinetik kanpo geratzen ziren zazpi familia eta denda bakarra, 2016ko martxoaren 8tik aurrera mendiak jo eta apurtutako lokal eta etxeetakoak.
Une honetan, Saiñazio 40-46 atarietako 84 familia eta lokal- eta garaje-jabeen balorazioa bi arlotan banatu nahi dugu: eskerrak ematea lagundu diguzuen guztioi eta oraindik ingurua bere onera etortzeko asko falta dela gogoraraztea.
Eskerrak emateko orduan, lehenengo eta behin, udalari, herriari eta geure etxe barruko auzoko guztien eman dizkiegu: Udalari, eta zehatzago esanda gaur egungo udal gobernuari, hasieratik gaur arte eutsi diolako astez asteko gurekiko elkarlanari, eta eginahal guztiak bideratu dituelako gaurko eguna hel zedin. Herriari, aurrera egiten lagundu digulako, hasieratik etxeetan hartuz eta denbora honetan guztian auzokooi eutsiz. Gure atarietako auzoko eta jabeei, denon artean pausu bat aurrera eman eta etxeak konpontzeko ardura geure gain hartzeagatik.
Gaurkoan gogoan hartu nahi ditugu, baita ere, kanpotik lagundu diguten guztiak: Zaldibarko udala, Cicaucho, Eika, Aurrerako futbolariak (maila igotzeagatiko prima gure esku utzi zutenak) baita prentsa ere, luzaroan gaia esna mantendu duena, aipamen berezia eskualdeko Hitzari.
Asko sufrituta heldu gara gaurko egoerara. Hondamendi honi aurre egiteko dirua helduko ote zen ez ikusteak eragin digun egonezinik handiena. Zerua jausi zitzaigun gainera emergentzia eten eta urgentzia fasera pasatzeak dena eperik gabe luzatuko zuela aurreikusi genuenean. Gaur, zorionez, etxera bueltatu garela esan dezakegu, baina oraindik diru eta lan handiak daude mendi horretan jartzeko, lur-jabeak beren egoera noiz edo nola lehengoratuko den jakiteke eta kamiñalde-kalandi ingurua kalea itxita.
Pozik gaude, baina oraindik ez da amaitu.

 

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina