Ondarroako Udalak igandera arte hiru eguneko dolua deitu du Ekairen heriotza dela eta

0

Ondarroako Udal Gobernuak doluminak adierazten dizkio Ekairen sendiari eta egunero pertsona transen eskubideen alde egiten duten lana goraipatu nahi du. Igandera arte udalean ortzadar bandera egongo da masta erdian.

Atzo, 16 urteko gazte transexuala den Ekai hilik aurkitu zuten. Ekai azken urteetan pertsona transexualei sortu diezaieketen trabak gainditzen jardun zuen instituzio ezberdinen artean. Familia osoak eguneroko borroka ugari pasa behar izan zituen. Horri gehitu behar zaio jendarte osoak eraikitako moldeetan bere nortasuna ezin modu naturalean garatu ahal izateak sortu ditzakeen minak eta ezinegonak.

Ana eta Elaxar gurasoek egindako lana eta Ekairi eskaini dioten babesa txalotu nahi du Ondarroako Udal Gobernuak, eta euren jarrera eredugarria babestu. Zaila izaten da askotan familia barruan ere eredu normatiboak apurtzea eta seme-alaben bidean laguntzea. Herritar guztiok asko dugu ikasteko familia osoak erakutsitako indarrarengatik.

Une latz honetan, Ondarroako Udal Gobernuak doluminak eta babesa eskaini nahi dizkie familia eta lagunei. Era berean transfobiaren kontrako jarrera irmoa azpimarratu nahi du udalak eta lanean jarraituko du pertsona guztiak, eskubide guztiekin eta inolako diskriminaziorik gabe biziko diren herri bat eraikitzeko lanean.

Ondarroako Udalak orain arte bezala, bere baliabide guztiak jarriko ditu herritar eredu guztien parekidetasuna lantzeko. Dei egiten diegu herritarrei Ekai gogoratzeko eta transfobia salatzeko ekimenetan parte hartzera. Hala nola, larunbatean hilaren 17an arratsaldeko 17:00etan Musika Plazan Chrysallis EH elkarteak deitutako kontzentrazioan parte hartzeko.

2018ko otsailaren 16an, Ondarroan.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina