Zurrumurru matxistarik ez ekimena izango da martxoaren 17an

0

Bizkaiko Emakumeentzako Jabekuntza Eskolen Saretik kontzientziazio-formazio-akzio prozesu bat abiatu da indarkeria matxistaren inguruko gertaerak, jarrerak eta zurrumurruak identifikatzeko. Zurrumurruak identifikatzeaz gain, hauek agerian uzteko eta salatzeko planteamendua egingo da herriko errealitatean, eta bereziki herriko jaietan, eragiteko kanpaina kolektiboa sortuz. Indarkeria matxista egunerokoan landu beharreko gaia izan arren, eraso sexistak jaien testuinguruan areagotzen den errealitatea da; horrela, testuinguru horretan kokatuko da dinamika.

Aurkezpena: ONDARROAN: Martxoak 17, 11:00etatik 13:00etara, Etxelilan.

Zurrumurru matxistei aurre egiteko formazioak martxan jartzea planteatu du Bizkaiko Emakumeentzako Jabekuntza Eskolen Sareak  2018 honetara begira. Izan eren, jakin badakigu, eta ZAS! (Zurrumuruen Aurkako Sareak) ere hala dio, zurrumurru oinarri gabeek, estereotipo ezkorrek eta aurreiritziek intolerantziaren diskurtsoa elikatzen dutela, luzarora begira desberdintasuna, gizarte zatiketa eta diskriminazioa ereiteko hazitegi ezin hobe bilakatuz. Hala bada, ezinbestekoa dugu norbanako eta taldeen ideia, uste, pertzepzio, estereotipo eta kontzeptuen gainean eragitea, hauengan aldaketa eragin asmoz. Norbanako eta taldeengan eraginez lortu baitezakegu jendartean ere eragitea, jendarte berdinzaleago batetarantz abiatzea.

Bizkaiko Emakumeentzako Jabekuntza Eskolen Saretik herri parte hartzaileetan (Ermua, Basauri eta Ondarroa) aurrera eramatea planteatzen den formakuntza honek matxismoari dagokionez egunerokotasunean ematen dire gertaerak, jarrerak eta zurrumurruak identifikatzen jakiteko estrategiak lantzea bilatzen du, baita hauen aurrean erantzuteko tresnak sortzea ere. Zurrumurruak identifikatzeaz gain, hauek agerian utzi eta salatzea ere bilatuko baita, herriko errealitateetan eragitea xede. Guzti hau, gehienbat, jaien testuinguruari begira landuko da, jakin baitakigu eraso sexistak  eremuetan areagotu egiten direla.

Formazioak, gehienez ere, hogei bat ordukoak izango dira. Hala ere, udalerri bakoitzean sortzen den taldeak izango du beronen ibilbidearen iraupenaren gaineko erabakipena. Gero, ekainean, prozesuan parte hartu duten talde guztiak kurtso amaierako ekimen batean biltzea aurreikusten da. Bertan, talde bakoitzak bizitako esperientziak partekatuko dituzte.

Ondarroako ere martxan jarriko den prozesu hau 3 fasetan banatuko da: 1)kontzientziazioa, 2)zurrumurruak identifikatu eta kontra-argudioen osaketa eta 3) zurrumurruak azaleratu eta salatzeko kanpainaren diseinua. Lehen fasean oinarrizko kontzeptuak landuko dira, indarkeria matxista ikuspuntu intersexzional batetik aztertuko da eta esperientzia pertsonalen lanketan murgiltzea bilatuko da. Bigarren fasean emakume batek eraso bat pairatzen duenean gertatzen dena aztertuko da, komunikabideetan/sare sozialetan/kalean/etxean entzuten denari behatuko zaio, eta horren aurrean feministok zurrumurruei aurre egiteko erabili ditzakegun argudioak bilatuko dira. Hirugarren fasean ostera zurrumurruei aurre egiteko kanpaina diseinatuko da, prozesuaren xedea dena.

  1. urtetik dihardu Bizkaiko Emakumeentzako Jabekuntza Eskolen Sareak  ikasturte amaierako jardunaldia antolatzen, non sareko eskolek parte hartzen duten. Hauetan, emakumeen ahalduntze prozesuei begira interesgarriak diren gaiak jorratzen dituzte, eta aurten ere asmo hori dauka. Hala ere, aurtengoan egun konkretu batera mugatzen den jardunaldiaren formatutik harago joan eta prozesu oso bat barnebiltzen duen proposamena mahai gaineratu dute, bere amaierako jardunaldia izango duena. Bertan parte hartzera animatzen zaituztegu!
Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina