Euskaraldia aurkeztu eta bost urteetarako hizkuntz politiken erronkak finkatu dituzte herritarrek

0

Euskara sustatzeko Ekintza Plana osatzeko bigarrenez bildu dira ekainaren 7an hainbat ondarrutar. Aurreko saioan ateratako ideia nagusien gainean jardun dute eta ekintzetara eramaterakoan nondik jo zehaztu.  Hemendik aurrera, Udalak jasoko du batzar hauek emandako guztia eta bost urteko plana diseinatuko du.

Udalak eskerrak eman nahi dizkie bi saio hauetan euren ekarpena egin duten guztiei.  Euren zereginetatik ordu batzuk kenduta ibili dira ez behin, bi bider ere bai; elkarrekin ideiak sortzeko prest egon dira eta emaitza eder askoa izan da.

Saioa bete-betean egon zen bideratuta ideia berriak sortzera eta horien grabaketa grafikoa egin zuen Aitor Urkiola “Brontxe” komikilari  ondarrutarrak. Demaseko lana egin zuen eta hain emaitza ona denen bistan ipini nahi izan dugu: Udalak Alamedan dituen bulegoetan dago ikusgai.

Euskal Herri osoan abiatuko den Euskaraldia Ondarroan ere martxan jarriko da. Batzarraren bigarren zatian Euskaraldiaren aurkezpena egin zen.

ZER DA EUSKARALDIA?

Euskararen erabilera suspertzeko ekimen bat da. Estreinakoz, Euskal Herri osoan, batera, egingo da. Ez da jai bat, ezta epe motzeko kanpaina bat, luzera begirako ildo bat da: ariketa sozial erraldoi bat.

11 egunez -azaroaren 23tik abenduaren 3ra- ahal denik eta pertsona gehienek euskaraz berba egitea euskaraz ulertzen duen edonorekin.

Euskaraz jakin arren, gaztelaniaz egiteko joera duten pertsonak aktibatu eta hizkuntza-ohitura aldatzeko saiakera pertsonala eta kolektiboa da Euskaraldia. Eguneroko bizitzan, inertziak aldatzea bilatzen da.

Hauexek dira Euskaraldiaren helburu zehatzak: hizkuntza ohiturei eragin eta gaztelaniaz egiteko inertziari aurre egitea, euskaldunek euskara gehiago erabiltzeko urratsak ematea, entitateek euskaraz aritzeko neurriak har ditzaten sustatzea eta azaro-abenduko 11 egun horietan sortutako dinamikak gero ere mantentzea.

Horretarako, talde motor bat sortuko da eta lantalde horrek urte osoan lan egingo du. Parte hartzeko interesa baduzu, ez galdu aukera eta eman zure izena Ondarroako Udaleko Euskara Sailean: <mailto:mrey@ondarroa.eus> mrey@ondarroa.eus 946833668.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina