Eusko Jaurlaritzak Ondarroako arrain lonja berriko obraren lizitazioa iragarri du

0

Ondarroara gerturatu dira Eusko Jaurlaritzako ordezkariak lonja berriaren lanak gauzatzea atzeratu duten administrazio arloko trabak modu egokian gainditu direla eta lanak lizitatuko direla iragartzeko.

Eusko Jaurlaritzaren asmoa Ondarroako portuaren birgaitzeari ekitea da, portuko jardueren eta hiri ingurunearen artean bat egiteko espazioa sortuz, kontu berezia jarriz biek bat egiten duten guneen tratamenduan. Lan horien baitan arrain lonja berria eraikiko da portuan, hau da, udalerri horretako arrantza sektoreak duela ia 50 urtetik duen eskaria beteko da, izan ere, Ondarroakoa Bizkaiko Golko osoan arrain gehien lehorreratzen duen portua da.

Proiektua, Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen Portu erabilerarako Itsasoko lehorreko Jabari Publikoan gauzatuko da oso osorik. Lonja berria eraikitzeko proiektuak 22 milioi euroko oinarrizko lizitazio aurrekontua du, eta egikaritzeko epea 48 hilabetekoa da.

Beheko solairua

Beheko solairuak 7.939m2ko lur-sail erabilgarriaren parte handia hartzen du. Horrela, “L” handi bat definitzen da, 140 metro luze eta 27 metro zabal den iparraldeko hegal handiarekin, kantilekin paraleloan, eta 101 metro luze eta 28 metro zabal den beste hegal bat hegoaldean. Azken horretan eramango dira aurrera lonjaren erabilera gehienak.

Eraikinaren biraketa, deskribatutako erdialdearen bitartez gainditzen da. Bertan egongo dira lonjarako sarbide orokorrak, enkante gunea (80 pertsonarentzako lekua duen 21×10 metroko eta altura bikoitzeko laukizuzena), eta administrazio eraikinaren komunikazio gune nagusia, goiko solairuetan.

Beheko solairuaren hegoaldeko ertzetik sartuko dira ibilgailu astun guztiak lonjara, eta bertan egongo da kamioien maniobrarako, kargarako eta deskargarako gune handia. Iparraldeko ertzean egongo da izotz lantegiaren siloa, itsasontziei zuzendutako kanpoko banagailuekin eta arrainaren kontserbaziorako barrukoekin. Plantaren erdialdean beste izotz hartune osagarri bat aurreikusten da. Plan osoa, jarduera modu malguan antolatzeko eta bajurako jarduera alturakoarekin batera gauzatzeko aukera ematen duen luzexkako igarobide baten bitartez lotuko da.

Iparraldeko eta Hegoaldeko ertzetan daude 0ºC-ko tenperatura duten kamera frigorifikoak. Hala ere, lonja guztia 10ºC-tan hoztuta egon daiteke. Horrez gain, handizkarien moduluak hotz kamera gisa lantzen dira, 4ºC-ko tenperatura posiblearekin.

Lehen solairua

Lehen solairuan erabilera publikoko eta arrantza jarduerarekin lotutako lan guneak daude, eta bereizitako 3 gunetan banatzen da:

Erabilera publikoko ibiltzeko moduko estalkia, +8,25 metroko kotan dagoen sarbideko arrapala bitartez lotzen da Txorierreka kalearekin. 7.160m2ko azalera du, eta kamioiak kargatzeko eta deskargatzeko gunearen eta lonjaren hegoaldeko hegalaren gainean dago, itsasora ematen duten ikuspegi bikainak eskainiz. Egurrezko itsasontzi baten kubierta gisa lantzen da, eta egoteko guneak ditu, harmaila osatzen duten mailek eratutakoa. Beraz, hiri gune berri handia eratzen da Ondarroarako. Iparraldeko muturrean taberna-jatetxearen terraza estalirako, erabilera anitzeko gelarako, arraindegirako eta itsasoko aparailuak saltzeko aretorako sarbidea izango ditu.

Eraikinaren erabilera osagarriko gunean daude lonja barruko eta kanpoko langileen aldagelak. Bertara kubiertatik edo beheko solairutik sartu ahal izango da, sarbidearen eta eraikinaren komunikazio gune nagusiaren bitartez. Horrez gain, gune horretan udal erabilerarako areto anitza, jatetxea eta itsasoko aparailuak saltzeko lokala egongo dira.

Iparraldeko hegalean dagoen industria jarduerari zuzendutako gunean kaxak eta tinak garbitzeko gela dago, biltegiratzeko leku zabalarekin. Horrez gain, eraikinaren solairu horretan Ondarroako saregileentzat erreserbatutako lokala aurreikusi da. Plantaren iparraldeko ertzean egongo dira izotz fabrika eta bertako makina guztiak.

2., 3. eta 4. solairuak

Eraikinaren goiko solairuek askoz ere azalera txikiagoa izango dute, eta eraikinetik gehien ikusiko den aldea izango dira. Administrazio arloko erabilera guztiak jasoko dituzte. Fatxadako sistema, kortina zeharrargi horma motakoa izango da, eta, horrela, eraikinak itsasargi gisa funtzionatuko du gauez. Hiru solairuen antolakuntza antzekoa izango da, eta honela banatuko dira:

  • solairua: Lonjaren kudeaketa
  • solairua: Kofradia eta Merkaturatzaileak
  • solairua: O.P.P.A.O. eta Itsas Kapitaintza

Egikaritzearen faseak

Proiektua aurrera eramateko baldintza garrantzitsuenetakoa, lonja berriaren lanak egiten ari diren bitartean arrantza eta portu jarduera une oro indarrean egotea da. Hori dela eta, obra fase hauek definitu dira:

Lehen fasean iparraldeko kaian dagoen lonjaren eraikuntza lanak egingo dira. Obrak kaiaren muturretik hasiko dira, erdialderantz jarraituz. Fase horretan egungo Kofradiaren eta Itsas Kapitaintzaren eraikinak eta azken horren barruan dagoen Transformazio Zentroa kontserbatuko dira. Egungo baskulak funtzionatzen jarraituko du, eta egungo aparkalekuaren gune bat arraina deskargatzeko eta arrantza lanak egiteko egokituko da. Bajurako kaian, 63 plaza inguru izango dituen behin behineko aparkalekua egokituko da.

Bigarren fasean iparraldeko hegala eta administrazio eraikinaren parte bat amaituko dira. Kofradiaren bulegoak lekuz aldatuko dira eta ondoko eraikina eraitsiko da, Kapitaintzarenak oraindik zutik iraungo duen arren. Transformazio Zentro berria funtzionatzen hasiko da eta, ondorioz, eraikitako lonjak erabateko funtzionaltasuna izango du. Hori dela eta, arraina deskargatzeko gunea leku horretara eroango da. Egungo baskulak funtzionatzen jarraituko du, eta lonjarako behin behineko sarrera egokituko da haren ondoan. Hegoaldeko hegaleko lur mugimendu eta zimendatze lanak hasiko dira. Egidazuko kaiko azaleran 60 aparkaleku inguru egokituko dira.

Hirugarren fasean lonjaren hegoaldeko hegalaren eraikuntza lanak amaituko dira, baina ez dira funtzionatzen hasiko. Iparraldeko hegalak ordura arte bezala jarraituko du funtzionatzen, bertan dagoen bajurako baskularekin. Behin behineko obrarako beste sarbide bat egokituko da ibilgailuentzat, lonjaren sestrara heltzeko. Marinoileko ponpaketa gela lekuz aldatuko da, eta horretarako egungo tankeak baliatuko dira.

Laugarren fasean lonjaren erdialdea osatuko da. Bajurako baskula berria instalatuko da. Gune horretako eraikuntza lanak amaitu ostean, instalazioen loturak ezarriko dira iparraldeko hegalarekin, eta lonja osoa erabat funtzionatzen hasi ahal izango da. Lur-sailaren ingurunean urbanizazio lan osagarriak egingo dira.

Arrantza sektorea Ondarroan

Ondarroako portuak 40.000 Tn arrain deskargatzen ditu urtean, Santa Klara Kofradiak (bajurako arrantza) eta OPPAOk (alturako arrantza) aurrera daramaten jardueraren eta Arrain Merkaturatzaileen Elkarteak egiten duen banaketaren bidez. Azken elkarte horrek 52 enpresa biltzen ditu, horietatik 20, portuan lehorreratzen den produktua nazioan eta nazioarte mailan banatzen dituzten enpresa handizkariak.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina