Eneko Barberenak irabazi du 2018ko Augustin Zubikarai nobela-beka

0

Eneko Barberenaren nobela-proiektuak irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria. Hamasei lan aurkeztu dira bertara, eta horien artean Barberenaren proposamena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak. Saria azaroaren 1ean arratsaldeko zazpietan emango zaio, Ondarroako Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak jardunaldien barruan.

“Afrikaners” du izena Eneko Barberenaren proiektuak, eta etorkizun hurbilean kokaturiko nobela bat da. Protagonistak, bikote gazte bat dira, Aitor eta Eider, lehena ikastetxe publiko bateko zuzendaria Gasteizen eta bigarrena bibliotekaria Arrasaten. Bost urteko haur bat dute, Manex. Haien bizitza lasai doa, itxuraz, baina tentsioa sortzen duen elementu bat ere badago: gerra. Izan ere, urte batzuk dira Europar Batasunak, emigrazio ilegala kontrolatu nahian, tropak bidali zituela Ipar Afrikara; inbasio horrek gerra ekarri du, eta orain derrigorrezko erreklutamenduak daude, soldaduak bidaltzeko frontera.

Eneko Barberena Arrasaten jaio zen 1983an. Zuzenbidean lizentziatua da ikasketaz; hainbat kultur elkartetan jardun izan du, eta bere jaioterriko udalgintzan ere bai. Literaturaren alorrean bi liburu argitaratu ditu orain arte: “Igogailuak, Dow Jones eta beste droga batzuk” (ipuinak, 2002) eta “Lurrunak ez du oraindik kristalik estali” (poesia, 2004).

Bederatzi urtez nobela laburrentzako lehiaketa izan zena, 2010ean formatuz aldatu eta nobelak sortzeko beka bihurtu zen. Ordutik, hauexek izan dira sariaren irabazleak eta argitaratu dituzten lanak:

-Joxean Agirre, “Zwei Frauen (Bi emakume)”.
-Itxaso Araque, “Damutzen ez direnak”.
-Garbiñe Ubeda, “Hobe isilik”
-Garazi Kamio, “Orube abandonatuak”
-Jasone Osoro: “12etan bermuta”
-Miren Gorrotxategi: “33 ezkil”
-Katixa Agirre: “Amek ez dute”
-Xabier Etxeberria: “Berriro itzuliko balitz”

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina