Boga! Mendi martxa egingo da apirilaren 28an

0

Hiru ibilbide prestatu dituzte aurten, adin tarteetara zein forma fisikoetara egokituta: 54 km-ko lehena, 24 km-ko bigarrena, eta 11 km-koa hirugarrena. Euskal Herriko Iraupen Luzeko Zirkuiturako baliagarria den proba izango da igandean egingo dena.

Ondarroa inguruko paisaiak ezagutzeko aukera izango dute apirilaren 28an mendizaleek. Dagoeneko zabalik dago izena emateko aukera, apirilaren 26a arte egongo da zabalik. Mendi martxaren webgunean dago informazio osoa. Halaber, egunean bertan ere, ibilbide bakoitza hasi baino ordu erdi lehenago aukera egongo da izena emateko.

Aurretiaz izena emanez gero, ibilbide luzeko eta motzeko parte hartzaileek 13 euro ordainduko dituzte (txartel bidez webetik); egunean bertan, ostera, 15 euro. Ibilbide txikia egiteko, berriz, 14 urtera artekoek 5 euro ordainduko dituzte eta nagusiek 10 euro.

Irteera-orduak. 54 kilometroko ibilaldia egiteko 07:00etan aterako dira Zubi Zahar ikastolatik. Parte hartzaileek 2.400 metroko desnibel positiboari aurre egin beharko diete. Gutxi gorabehera 12 ordutan egin ohi dute ibilbidea, eta Kalamendi (315m), Kalamua (768m), Arno (618m) eta Tontorramendi (368m)zeharkatuko dituzte.

Motzekoek 08:30ean dute irteera-ordua, eta bost ordu eta erdian egiteko modukoa den ibilbidean 800 metroko desnibel positiboa gainditu beharko dute; Kalamendi eta Tontorramendi igoko dituzte. Txikikoak, 10:30ean irten, eta hiruzpalau ordutan burutuko dute (400m desnibela). Horiek Kalamendira egingo dute ibilaldia.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina