Ibaiondoko aparkalekuetan izena emateko aukera zabalduko da uztailaren 15ean

0

Txomin Agirre ikastolaren azpian dauden 129 aparkalekuak eta trastelekua ere badaukaten beste 8 aparkalekuak 30 urtez emakida gisa edukitzeko epea zabalduko da uztailaren 15ean, eta zabalik egongo da irailaren 20ra arte. Bakarrik ibilgailu partikularrak sartu ahalko dira aparkalekuetan.

Maiatzaren 9an ospatu zen Udalbatzan onartu zuten udaleko bi taldeek Ibaiondo 4ko aparkalekuak zabaltzeko baldintza pliegua, udalak gotzaitegiarekin edukitako negoziazioak bideratu eta hau egiteko baimena lortu ostean. Zunbeltz Bedialauneta pozik agertu da Ibaiondoko aparkalekuak herritarrei zabaltzea lortu delako. Gaineratu du jakitun dela herrian aparkatzeko dauden zailtasunekin baina azpimarratu du emango direnurratsetako bat dela Ibaiondoko aparkalekua zabaltzea.

Trastelekua (ate beltza) daukan aparkaleku partzela. Horrelako zortzi daude Ibaiondon.

Eskatzaileen kopurua aparkaleku-plazen kopurua baino handiagoa bada, honako lehentasunen arabera esleituko dira, bakoitza bere baldintza bereziekin:

  1. MULTZOA: LEHENENGO MAILAKO LEHENTASUNA: Bi baldintza hauek bete beharko dira:
    1. Eskariak aurkezteko epearen aurretiaz Ondarroako Udal erroldan inskribatuta egotea.
    2. Gutxienez ibilgailu baten titular izan beharko da eta ibilgailu horren zergak udalerrian ordaindu beharko dira. Enpresaren ibilgailuen kasuan, ibilgailuaren titularra ez bada, ziurtagiri bidez frogatu beharko da, berak soilik erabiltzen duela ibilgailu hori.
  2. MULTZOA: BIGARREN MAILAKO LEHENTASUNA: Jarduera ekonomikoen gaineko zergan (IAE) altan daudenak, Ondarroako udalerriaren eremuan, gutxienez, edozein epigrafe ekonomiko edo profesionalean.
  3. MULTZOA: HIRUGARREN MAILAKO LEHENTASUNA: Ondarroako udalerrian etxebizitza bat dutenak, eta Ondasun Higiezinen Zerga (IBI) ordaintzen dutenak.

Lehentasuna izango dute 1.multzoko baldintzak betetzen dituzten eskatzaileek 2.multzoko baldintza betetzen dutenekiko eta 2.multzokoek 3.multzoarekiko.

Mugikortasun mugatua daukatenentzako aparkaleku berezia.

PREZIOAK:

Prezioei dagokienez, aparkaleku partzelaren emakidaren prezioa 14.600 eurokoa da 30 urterako, partzelaren kokalekua edozein delarik ere. Trastelekua ere badaukaten aparkaleku-partzelen prezioa, aldiz, 20.500 eurokoa izango da.

ESKAERAK NOLA EGIN:

Eskaerak, pertsona bakoitzeko bat, udaletxeko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Alamedako bulegoetan), uztailaren 15etik irailaren 20ra bitartean (biak barne), goizeko 09:00etatik eguerdiko 14:00etara bitartean. Epez kanpo aurkezten diren eskabideak ez dira onartuak izango.

Erregistro Orokorrean, eskabide paper ofizialarekin batera hurrengo dokumentazioa aurkeztu behar da: NAN eta mugikortasun murriztua daukaten pertsonentzako gordetako partzelaren bat eskatzekotan Ezinduentzako Txartela. Euren zergak Ondarroan ordaintzen dituzten enpresen ibilgailuen kasuan, eta ibilgailua darabilena titularra ez den kasuetan, enpresako gerente edo administratzailearen ziurtagiria aurkeztu beharko da, ibilgailua bakarrik norberak erabiltzen duela ziurtatzeko. Kasu horietan ibilgailuaren zirkulazio baimena ere aurkeztu beharko da.

Aurkezten diren eskabide guztiak Aukeraketa Mahaiak onartu edo baztertuko ditu. Onartutakoen artean zozketa publikoa egingo da udaletxeko pleno aretoan (data aurrerago zehaztuko da) bakoitzari dagokion partzela emateko.

APARKALEKUA EGITEAREN KOSTUAK:

Txosten teknikoaren arabera, kostua kalkulatzeko garaian, datu hauek erabili dira:

  • Udalarentzat izandako kostua: 1.966.707,26€
  • Aparkalekuaren azalera erabilgarria bi solairuetan:
    • Aparkaleku-plazak: 1.616,23 m2
    • Errodatzea: 1.543,81 m2
    • Trastelekuak: 81,44 m2
  • M2-aren prezioa: 606,73€/m2
  • Trasteleku guztiak: 49.412,06€ (8 ale)
    • Trasteleku bakoitza: 6.176,51€
  • Aparkaleku guztiak: 1.917.291,07€
    • Aparkaleku bakoitza: 14.524,93€

Ikusi HEMEN baldintza ekonomiko eta administratibo guztiak.

Lur azpiko bigarren solairuaren ikuspegi orokorra.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina