Oinarrizko zerbitzuak mantenduz eta proiektu zehatzetan pentsatuz onartu dira 2019ko udal aurrekontuak

0

Kofradia Zaharreko bigarren solairuan egin den ohiko bilkuran onartu dira udal aurrekontuak, gehiengo osoz. Aurrekontu proposamenak ez du kontrako botorik jaso; EH Bilduk alde bozkatu du eta EAJ abstenitu egin da, informazioa berandu jaso duela eta aurrekontua bere osotasunean aztertzerik eduki ez duela argudiatuta, eta horrela 12.423.856 euroko aurrekontua onartu da, iazkoa baino bi milioi pasatxo gehiago. Milioi bat eta 900.000 euroko sarrera Ibaiondoko aparkaleku guztiak emakida gisa esleitzerakoan iritsiko da. Horietatik 900.000 euro bideratuko dira inbertsioetara eta gainerakoa gordeta dago Gotzaitegiarekin dagoen epaian gerta daitekeenaren arabera.

EH Bilduk aurrekontuak onartzearen alde bozkatu du.

EAJ abstenitu egin da bozketan.

Aurrekontuak aurkezterakoan Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak azpimarratu duen lehen kontua zerbitzuak mantentzea izan da: “guretzat lehentasuna daukate herritarrentzat hain garrantzitsuak zerbitzuek, Herri Busak esaterako. Ongizatea funtsezkoa da”. “Horrez gain adinekoentzako zerbitzuak eta gazteentzako ditugun proiektuek aurrera jarraitzeari ere garrantzi handia eman diogu. Hainbat hobekuntza egin nahi ditugu Artibai Egoitzan, egoiliarren bizi kalitatea areagotzeko. Alkateak esan du egoitza gaur egungo egoiliarren beharrizanetara egokitzeko proiektua jarriko dutela martxan: “orain dauden egoiliarrek lehengoak baino dependentzia maila altuagoa daukate, beraz, egoitza ere euren beharrizanetara egokitu behar dugu”. Antiguako Ama ere oinarrizkoa da herriko helduentzat eta hango aurrekontua ere mantendu egingo dugu. Lehen mailako gizarte laguntzan ia 50.000 eurotan areagotu dugu aurrekontua”. Alkateak biharko Ondarroa berdintasunean eta errespetuan eraikitzeko gazteekin egin beharreko lana ere azpimarratu du: “funtsezkoak dira Etxelila, Gaztelekua, hezkidetza egitasmoa, ludoteka, euskara…”.

Artibai Egoitza egungo egoiliarren beharretara moldatzeko proiektua ipiniko da martxan.

Lanarigo alorrari dagokionez, Eneritz Basurko Pagoaga zinegotziak esan du aurten amaitu dela udaleko langileen balorazio prozesua, 1994tik berritu gabe zegoena eta horrek ere partida areagotzea ekarri duela: “balorazio prozesuak ia hiru urte iraun ditu eta denon artean adostu ditugu ondorioak: udalak, langileek, sindikatuek… Balorea eman nahi izan diegu langileei, euren jarduna balorean ipini”. Hein handi batean prozesu horren garrantziak, aplikaziorako zailtasunek eta beste zenbait arazok atzeratu dute aurrekontu proposamena osoko bilkurara eramatea.

Beheko pasealekuko bankuak aldatu egingo dira.

Hirigintza alorrean, bide publikoen zolaketan 112.752 eurotan areagotu da partida. Horrekin hainbat kaletan hobekuntzak egingo dira. Bestalde, Zaldupeko zubitik Ibaiondorainoko beheko pasealekuko bankuak ere aldatu egingo dira eta Kanttoipeko farolak ere aldatu egingo dira. Artibai egoitzaren aurrean umeentzako jolasgunea ipiniko da. Zeledonio Arriola eraikinean egiteko hauek daude eraikina erabilgarri ipini baino lehen: lehenengo eta behin San Ignazio kalera ematen duen hesia kendu eta plazatxo hori herritarren erabilerarako ipintzea; horretarako beharrezkoa da lehioetan konponketak egitea. Horrez gain zimentazio katak egingo dira, lehenengo katek emaitza onak eman ostean azterketekin jarraitzeko. Kamiñazpi auzoaren eraberritze prozesua ere martxan ipiniko da, baina auzoa osotasunean ikusita. Honekin, parte hartze prozesu bat ipiniko da martxan auzotarrekin batera erabakitzeko nolakoa izango den etorkizuneko Kamiñazpi. Aparkalekuak ere ondarrutarren kezka nagusietako bat dira, eta udalak hiru oinarri ditu erronka horri aurre egiteko: Ibaiondoko aparkalekua zabaltzea, Anexua asfaltatzea (180.000 euro daude baimen ofiziala lortutakoan lanak egiteko) eta Zaldupeko arau subsidiarioak aldatzea, horrela futbol zelaiko aldagela berriak egin eta zelaiaren eta Ertzain Etxearen artean aparkaleku gehiago jartzeko.

Alkateak gogorarazi du Anexua ez dela udalaren konpetentzia baina espero duela behingoz baimen guztiak lortu eta aparkalekua egokitzea. Artabiden, Batzokiaren inguruan hobekuntza batzuk egingo dira eta Plaza Gorrian ere berrikuntzak egingo dira. Horrekin lotuta, Augustin Zubikarai plaza eta hau Artabiderekin lotzen dituen eskailerak ere eraberrituko dira, plazari itxura aldatuz.

Kiroldegiko irisgarritasuna hobetuko da, besteak beste, igogailu batekin.

Kirol arloan bi dira azpimarratu beharreko kontuak. Nagore Badiola Alberdi kirol zinegotziak nabarmendu du udal kiroldegiko aurrekontua 274.607,77 eurotan handitu dela, besteak beste, igogailu berria egin nahi delako. “Herriko kirol instalakuntzetan ere irisgarritasuna bermatzea lehen mailako erronka da guretzat”. Horrez gain, Udal Arraun Egoitzan ere hobekuntzak egin nahi dira. Kulturari dagokionean, Ondarroak dauzkan beharrizanak kontuan hartu eta kultur plan estrategiko bat martxan jartzeko lehen urratsak emango dira. Ingurumen batzordearen aurrekontuan animalien ordenantza berriaren inguruko kanpainak, sentsibilizazioak eta guneak egokitzeak igo dute aurrekontua. Berdura Plazaren egoera ikusita merkataritza alorretik ere esfortzu bat egingo da hutsik dauden guneak eraberritzeko eta Berdura Plaza biziberritzeko.

Diru sarrerei dagokienean, Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak azpimarratu du ohiko sarrerez gain Ibaiondoko aparkalekuekin ere sarrerak aurreikusten direla eta sarrera horiek proiektu ezberdinetan inbertituko direla. Udalak hainbat inbertsio egingo ditu eta beste hainbat proiektu aurrera eramango ditu herri irisgarriagoa eta berdintasunean oinarritutakoa lortzeko. Bizikleten aparkalekuak gehituko dira leku estrategikoetan, motorrentzako aparkalekuak egokituko dira, kiroldegiko igerilekuetan lanak egingo dira eta muskulazio gelan ekipamendua berrituko da eta HAPOrekin jarraituko da, beste batzuren artean.

Presidentzia arloko aurrekontua.

Ogasuneko aurrekontua.

Turismoko aurrekontua.

Merkataritzako aurrekontua.

Hezkuntza batzordearen aurrekontua.

Ongizate batzordearen aurrekontua.

Aniztasun batzordearen aurrekontua.

Berdintasuneko aurrekontua.

Hirigintzako aurrekontua.

Ingurumen batzordeko aurrekontua.

Kirol batzordeko aurrekontua.

Euskara batzordearen aurrekontua.

Kultur batzordearen aurrekontua.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina