Ondarroako Emakume Kontseiluak eta herriko eragileek eraso sexisten aurrean jarraitu beharreko protokoloa zehaztu dute Andramarietarako

0

Bi bileratan batu ziren Etxelilan uztailaren erdialdean Berdintasun saileko kideak, Emakumeen Kontseilua eta herriko hainbat eragile eta norbanako. Protokolo horretan zer egin eta nola jokatu azaltzen zaie bai erasotuta sentitu daitezkeenei eta baita eraso bat ikusi duten lekukoei ere. Etengabeko telefono bidezko arreta zerbitzua ere martxan ipini du udalak: 688 772 772.

Eraso sexistei aurre egiteko protokoloa.

Irina Alkorta Bedialauneta Berdintasun zinegotziak protokoloa eta honen lanketa jai batzordeko kideei ere azaldu zizkien. “Urteak dira Berdintasun sailak eraso sexistak prebenitzeko lanean diharduela, bai urte osoan zehar (beldur barik programa, hezkidetza egitasmoa, jabekuntza eskola eta abar) eta baita jai herrikoien testuinguruan ere. Badakigu jaietan areagotu egiten dela eraso sexistak gertatzeko aukera, eta beraz, horri nola aurre egin landu behar dugu etengabe”. Protokoloan edozein intentsitateko erasoen aurrean nola jokatu zehaztu da, intentsitate baxuko edo altuko erasoen kasuan nola jokatu behar den zehaztu da eta erasoren baten aurrean eman beharreko erantzun soziala zehaztearen ardura Berdintasun Kontseiluarengan jarri da. Alkortak azpimarratu du protokoloa txosnaguneetara eta tabernetara ere helaraziko dela, “erasoak prebenitzea guztion zeregina da eta”. Udala osatzen duten bi taldeek bat egin zuten protokoloarekin eta eraso sexisten aurrean Ondarroak jarrera irmoa erakutsiko duela baieztatu zuten. Herritarrak erasoen aurrean geldi ez geratzera animatu zituzten eta telefono bidezko arreta zerbitzua erabiltzearen garrantzia azpimarratu zuten bi udal taldeek.

Aurten ere lanketa horrekin jarraituko da. 2010az geroztik indarkeria sexistarik gabeko gunea ipini izan da herriko jaietan eta aurten ere horrela egingo du udalak: abuztuaren 13an, Gazte Eguna, 19:00etan Musika Plazan eta abuztuaren 16an, Kuadrilla Eguna, 19:00etan Alde Zaharrean. Guneaz gain, erasoen kontrako jarrera aktiboa adierazteko zapi moreak eta preserbatiboak banatzea erabaki du Emakumeen Kontseiluak. Zunbeltz Bedialauneta alkateak herriko talde eta eragileek prebentzian jardutearen garrantzia azpimarratu du eta zerbait jasan edo ikusten dituenak udalak eskuragarri jarri duen telefono zenbakira deitzera animatu nahi izan ditu.

Telefonoa. Telefono bidezko arreta zerbitzuaren bidez herriko jaietan gertatzen diren eraso sexisten berri eduki nahi du udaleko Berdintasun sailak, erasoen intentsitatea edozein dela ere. Telefono horretara deitzen duten erasotuei udalak  laguntza emango die, aholkularitza eta akonpainamendua bideratuko ditu, eta urgentziazko momentuan esku hartuko du. Baina telefonoa ez da bakarrik erasotuentzako, baita lekuekoentzako ere. “Eraso sexisten lekukoak ere telefonora deitzera animatu nahi ditugu. Izan ere, telefonoaren bitartez, erasoak identifikatzeko eta salatzeko erraztasunak eman nahi ditugu”, adierazi du Alkortak. “Horrela, herritarrak indarkeria sexistaz kontzientziatu eta jaien testuinguruan dagoen errealitatea ahalik eta osatuen jaso nahi da. Guztia, eraso sexistak baztertzeko”.

Telefono zerbitzuaren ezaugarriak:
– Ordutegia: iluntzeko 20:00etatik goizeko 8:00etara.
– 12 urtetik gorakoentzat
– Zerbitzuaren atzean indarkeria matxistan arituak eta adituak diren emakumeak egongo dira.
– Edozein intentsitateko eraso sexistak erregistratzea du helburu, besteak beste.

 

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina