Udalak kukaina parean bainatzen uzteko eskaria luzatu dio Eusko Jaurlaritzaren Portu Zuzendaritzari

0

Herritarren eskaria kontuan hartuz eta kukaina inguruan bainatzea Ondarroan ohitura dela ikusita, udalak Portu Zuzendaritzari eskatu dio inguru horretan bainatzen uztea. Portu Zuzendaritzak duela egun batzuk bainua debekatzen zuten seinale batzuk jarri zituen inguruan eta gai horri heldu nahi izan dio udalak.

Udalak, eskaera ofiziala egin du eta Portu Zuzendaritza prest agertu da inguru horretan bainatzen uzteko beti ere udalarekin hitzarmen bat sinatuz gero. Hitzarmen horretan bainu eremua zein izango den zehaztuko da eta bertan gerta daitekeenaz ez da Portu Zuzendaritza arduratuko; berez, portu eremuan ezin da bainatu. Inguruko herrietako zenbait eremutan bainatzea ahalbidetzeko ere hitzarmenak sinatu behar izan dituzte udalek.

Urdinez agertzen den lekuan bainatzen uzteko eskaria egin dio udalak Portu Zuzendaritzari.

Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak esan du udalaren asmoa kukaina ingurua balizatzea dela, hitzarmena sinatu ostean. “Ez dakigu hitzarmena noiz sinatu ahalko den, baina eskaria egina daukagu”. Alkateak zehaztu du behin ingurua balizatutakoan norbanako bakoitza izango dela gertatzen denaren arduradun, eta kukaina erabiltzeko arauak betetzea ezinbestekoa izango dela, hori baita hitzarmenean adostuko dena. Gaineratu du soilik balizatutako eremuan bainatzea ahalbidetuko duela sinatu nahi den hitzarmenak. “Hitzarmenean arauak betetzearen garrantzia azpimarratuko da”.

Alkateak esan du udalak gune batean bainatzeko eskaria egin duela, uste delako inguru horretan bainatzeak ez duela arriskurik suposatzen. Hala eta guztiz ere ingurua errespetatzeko beharra azpimarratu du eta esan du bainatzen direnak euren ardurapean egingo dutela.

Gazteak kukañan.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina