Ondarroako traineru estropadak aurkeztu dituzte: Eusko Label, EuskoTren eta ETE ligetakoak

0

Hiru estropada jokatuko dira asteburuan: bi zapatuan eta bat domekan. Zapatuan, 18:00etan EuskoTren ligako estropada jokatuko da, II.Ondarroako Bandera-Cikautxo Sari Nagusia, horren ostean, 18:30ean, Eusko Label ligako estropada, hau, 35.Ondarroako Bandera-Cikautxo Sari Nagusia eta azkenik, domekan 12:00etan, ETE ligako estropada, Kalare Deuna Arrantzaleen Kofradia Sari Nagusia.

Kofradia Zaharrean egin dute zapatuan eta domekan Ondarroan jokatuko diren hiru estropaden eta irabazleei emango zaizkien banderen aurkezpena. Bertan egon dira Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkatea, Nagore Badiola Alberdi Kirol zinegotzia eta Irina Alkorta Bedialauneta Berdintasun zinegotzia udalaren aldetik eta Koldo Azpiazu presidentea eta Virginia Urresti, Nerea Etxano eta Hasier Etxaburu Ondarroa Arraun Elkarteko zuzendaritzako kideak, Gotzon Juaristi Cikautxoko ordezkaria eta Eusebio Arantzamendi Kalare Deuna kofradiako presidentea.

ETE ligako banderaren aurkezpena, Kalare Deuna Arrantzaleen Kofradia Sari Nagusia.

Alkateak, asteburu ederra izatea espero duela esan du kanpotik datozenei garraio publikoa erabiltzeko deia luzatu die: “kanpotik datozenak garraio publikoa erabiltzera animatu nahi ditut, baina autoan datozenentzako aparkalekuak egongo dira anexoan, institutuan eta kiroldegiaren pareko frontoian”. Kirol zinegotziak, bestalde, herrian ospatuko den goi mailako kirol ekitaldia izanik, herriak ere gozatzea espero duela azpimarratu du: “egutegian markatutako asteburua izango da, bai kirolarientzat eta baita herritarrentzat ere. Kamiseta gorria jantzi eta barra musturrera joatera animatu nahi ditut herritar guztiak, bai zapatuan eta baita domekan ere”.

ETE ligako estropadari dagokionez, udal ordezkariek Ondarroa Arraun Elkartearen lana azpimarratu nahi izan dute: “urte luzez aritu dira nesken kirola bultzatzen, eta kirol munduak daukan zulo beltzetako bat berdintasuna dela ikusirik arraun elkartea egiten ari den lana eredugarria da; herriko nesken traineruak historia egingo du domekan”.

Sari ekonomikoa, lehen aldiz. Klub batek antolatzen duen emakumeen estropada batean lehen aldiz, sari ekonomikoak banatuko dituzte domekan, ETE ligako estropadan. Hasier Etxaburu arraun elkarteko zuzendaritzako kideak nabarmendu du esfortzu handia dela arraun elkartearentzat sarietan diru gehiago ordaintzea, baina berdintasunaren bidean eman beharreko urratsa zela uste dutela azpimarratu du.

ESTROPADAK:

  • Zapatuan, 18:00etan, EuskoTren Liga: bi luze eta ziaboga bat, 2.778 metro (1.5 itsas milia).
  • Zapatuan, 18:30ean, Eusko Label Liga: lau luze eta hiru ziaboga, 5.556 metro (3 itsas milia).
  • Domekan,12:00etan, ETE Liga: bi luze eta ziaboga bat, 2.778 metro (1.5 itsas milia).
Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina