Arraun Elkarteko mutilek Kontxako estropadetara sailkatzea lortu dute, 23 urteren ostean

0

Kontxako badian jokatutako erlojupekoan 20:15:30eko denbora egin, lehen postua eskuratu eta herri osoan ilusioa piztuta, Antiguako Ama Kontxako urtean ikusi ahalko da irailaren 1ean eta irailaren 8an, hau da, hurrengo domekan eta datorren astekoan, 23 urteren ostean.

Ongi etorria egingo diegu arraun elkarteko bi traineruetako kideei 22:00ak inguruan Kalekutzeko eskaileretan. Ondarroako Udalak herritar guztiak bertara joatera animatu nahi ditu.

Iñaki Errastiren mutilek estropada ederra jokatu dute eta urte guztian zehar erakutsitako maila baliatuta herriko taldea Kontxara sailkatzea lortu dute. Asko izan dira Donostiara joan diren herritarrak, bai Arraun Elkarteak antolatutako autobusetan eta baita euren kabuz joanda ere. Arraun Elkarteko ordezkariek eskerrak eman nahi izan dizkiete Donostiara joandako herritar guztiei. Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak eta Nagore Badiola Alberdi Kirol zinegotziak eskerrak eman nahi izan dizkiete Donostiara joan diren zaletu guztiei, baina bereziki urte guztian arraun elkartean lanean aritzen diren boluntario guztiei ere. “Guztien lan onari esker lortutako sailkapena da, eta orain ospatzea eta gozatzea egokitzen zaie bai arraun elkarteko kideei eta baita herritarroi ere”, gehitu du alkateak.

Mutilak, uretaratzen. Argazkia: Ondarroako Kirolaren Leihoa

Ondarroa Arraun Elkarteko mutilek ez dute sailkapenik lortu azken 23 urtetan. Baina urte guzti horietako lan nekezak fruituak eman ditu eta herriak punta-puntako traineruaz gozatu ahalko du hurrengo bi igandetan denboraldiko estropadarik berezienean. Traineruan badago Kontxan arraun egin duenik, 1996an barruan zen Jon Iriondo esaterako, baina bai arraunlarientzat, taldearentzat eta herriarentzat oso zita bereziak izango dira iraileko lehen bi igandetakoak.

Hona hemen 1996ko Kontxako estropadetako zatitxo bat. Bertan daude, besteak beste, Asier Lopez patroia eta Jon Lete, J.M. Aristondo, Joseba Lete, Ricardo Urkizu, Gotzon Arrasate, Xabi Urkizu, Aitzol Arrizabalaga, Aitor Larrañaga, Aitor Agirre eta Jon Iriondo ondarrutarrak.

Baina albiste onak ez dira mutilekin amaitu. Sailkapenik lortu ez duten arren Antiguako Ama nesken traineruak lehen aldiz parte hartu du Kontxako sailkapen estropadan; estropada bikaina burutu dute. Hauen kasuan ere lortu dutena ikaragarria izan da lehen urtean. Herriko arraunlari gazteez osatutako traineruak lan ederra egin du lehen denboraldi honetan eta Kontxako sailkapen estropadarekin eman diote amaiera lehen denboraldi historiko honi. Nagore Osorok eta June Aranbarrik entrenatutako neskek 12:00 minutuko denbora egin dute sailkapen estropadan eta 10. sailkatu dira. Nagore Badiola Kirol zinegotzia eta Irina Alkorta Bedialauneta Berdintasun zinegotzia bat etorri dira nesken lana baloratzerakoan: “urte historikoa izan da, berdintasunaren bidean urrats ederra eman du Arraun Elkarteak eta guk hori zoriondu eta goraipatu nahi dugu”.

Ondarroa Arraun Elkarteko neskak. Argazkia: Ondarroa AE

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina