Marabilli Festibala ospatuko da herrian urriaren 3tik 6ra, emakumeak, euskara eta nazioarteko ahotsak erdigunean ipinita

0

Bosgarren aldiz ospatuko da Marabilli Festibala Ondarroan, Aitzol Aramaioren omenez antolatzen den lau eguneko jaialdia. Aurten ere sormena landu eta erakutsiko da, eta horrek berarekin dakarren guztia. Manuelistek emakumeak, euskara eta nazioarteko ahotsak hartu dituzte bosgarren Marabillarako oinarri.

Musikari dagokionez punta-puntako taldeak egongo dira herrian, nola ez, tartean herritarrak: The Baboon Show, Liher, De Pedro, Keu Agirretxea eta Pablo Novoa, Jotakie edo 90eko hamarkadan euskarara hain soinu berritzaileak ekarri zituzten Hazurbaltzak ondarrutarrak esaterako. Literaturari dagokionez Manuel Vilas eta Leire Bilbao idazleak, antzerkian Lekittoko Deabruak eta Zer duzu Amy? eta Marabilliren bihotza den zineman Asier Altuna eta Telmo Esnalen Agur Etxebeste!, Koldo Almandozen Oreina, Esnalen Dantza eta Oier Arantzabalen Margolaria.

Jaialdiari hasiera, ohi legez Marabilli Parade kalejirarekin eta pelikula mozketarekin hasiko da eguenean. Horren ostean iritsiko da jaialdiko klasiko bat den 10 minutu; aurten Leire Bilbao, Aizpea Goenaga, Askoa Etxebarrieta La Pulga, Alaia Martin eta Aurori Badiola mintzatuko dira. Horren ostean, Xabi Bandiniren kontzertua Beikozinan.

Manuelistek deia luzatu diete irudimenarekin mundua hankaz gora jarri nahi dutenei urriaren 3an, 4an, 5ean eta 6an Ondarroara etortzeko. Ordainpeko sarrerak ostiralean (irailak 13) ipiniko dira salgai, Marabilli Festibalaren webgunean, Zurru Murrun eta Beikozinan. Argoitia Matinee saioetako sarrerak Bide Onera zinemako txarteldegian salduko dira ekintza hasi baino lehen.

Manuelitsak, Marabilli Festibalaren antolatzaileak. Argazkia: Klik-Klak

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina