Atako Bandan 5.1 emanaldiaren bideoa eskainiko da Kofradia Zaharrean Ondarearen Europako Jardunaldien barruan

0

Ondarearen Europako Jardunaldien barnean Bizkaiko udalerrietan antolatzen diren ekitaldien barruan, Ondarroan, Atako Bandan 5.1 ikuskizunaren bideo emanaldia eskainiko da urriaren 6an, igandea, 11:00etan Kofradia Zaharrean. 2013ko azaroaren 16an Bide Onera zineman grabatutako emanaldia da pantailan ikusi ahal izango dena.

5.1 teknologia erabili zen emanaldi hura eskaini ahal izateko, eta hortik datorkio izena lanari. 85 lagun baino gehiago oholtzaratu ziren Peli Markuerkiagaren zuzendaritzapean, eta teknologiaren bidez, beste hainbat lagunek ere parte hartu zuten emanaldian, Kirmen Uribek edo Kresala Kultur Elkarteko dantzariek, esaterako.

Orain, herritarrek, emanaldi hura bideoan ikusteko aukera edukiko dute Kofradia Zaharrean, Bizkaiko Foru Aldundiak Ondarroako Udalaren bitartez antolatutako emanaldian.

Atako Bandan. Atako Bandan 1976an jaio zen, «arrantza munduaren gordintasuna, langileen baldintza gogorrak eta itsaso errukigabea» gaitzat hartuta, besteak beste. Gotzon Aulestiak jarri zion musika; Asier Ituarte musikariaren esanetan, «Brasilen zegoela idazten zuen, eta partiturak egun asko beranduago iristen ziren Ondarroara». Hitzak Xabier Leterenak dira, eta koreografia, berriz, Jon Oñatibiarena. Eta horiez gain, Txomin Agirrek idatzitako Kresala eleberrian sortutako Kitolis pertsonaia sartu zuten, gerora Kresaletan lanean Augustin Zubikaraik antzerkirako moldatu zuena; lanaren oinarria aita arrantzale batek bere semea itotzen ikusi izana zen, eta Kitolis-en pasarteak ere gauza bera kontatzen zuen Kresaletan antzerkian.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina