Greba eta elkarretaratzea egin dituzte gaur herriko ikasleek, klima aldaketaren aurka agertzeko

0

Mundu mailako ikasle greba izan da gaurkoa eta 156 herrialdetan 5.000 ekintzatik gora daude deituta. Ondarroan ere ikasle askok bat egin dute gaurko grebarekin eta elkarretaratzearekin. Deialdia Fridays for Future mugimenduak egin du, eta mundu osoko ehunka talde ekologista, sindikatu, ikasleen elkarte eta agente politikoren babesa izan du.

Ondarroan 19:30ean beste elkarretaratze bat deitu dute ikasleek, hau ere Alamedan. Ondarroako Udalak bat egin du gaurko deialdiarekin eta alkateak aitortu du udalak bere konpromezua berresten duela planeta jasaten ari den klima aldaketaren aurka: “gurea dena guk zaintzen ez badugu gure burua itoko dugu”, adierazi du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak.

Hala, alkateak gogorarazi du uztailaren 24an egindako osoko bilkuran udalbatzak EH Bilduk aurkeztutako mozio bat onartu zuela Ondarroako Udalak larrialdi klimatiko egoera deklaratzeko. Hauek ziren onartu zen mozioaren ondorio nagusiak:

  1. Ondarroako Udalak larrialdi Klimatiko egoera deklaratzen du.
  2. Ondarroako Udalak, Jaurlaritza larrialdi klimatiko egoera deklaratzera, eta honi aurre egiteko beharrezkoa den karbonogabetze prozesua 2040. urtera aurreratzeko moduko plangintza eta politikak abiatzera premiatzen du.
  3. Ondarroako Udalak, Jaurlaritza aldaketa klimatikoaren eraginez pairatuko ditugun ondorioetara egokitzeko neurriak hartzera premiatzen du.
  4. Ondarroako Udalak, bere eskumenen baitan, Aldaketa Klimatikoari aurre egiteko politika eraginkorrak garatzeko konpromiso irmoa adierazten du.
  5. ­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­Ondarroako Udalak Aldaketa Klimatikoa eragiten duten udal eskumeneko faktore guztien inguruko diagnosi bat eta 4/2019 Jasangarritasun Energetikoaren Legearen garapena udalerrira egokitzeko hurbilpen lan bat egingo du 8 hilabeteko epean.
Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina