2019ko kirol sarietarako hautagaiak aurkezteko epea zabalik dago herritarrentzat

0

Azaroaren 15era arte edukiko dute herritarrek zein herriko taldeek 2019ko kirol sarietarako hautagaiak aurkezteko aukera; bakoitzak nahi beste hautagaitza aurkeztu ditzake. Epe hori amaitutakoan kirol batzordean aztertuko dira hautagai guztiak eta bertan erabakiko da nortzuk izango diren 2019ko Ondarroako kirol sariak irabaziko dituztenak. Aurten ere lau sari egongo dira jokoan: neskena, mutilena, taldearena eta aipamen berezia.

Herritarrek hautagaiak aurkezteko aukera edukiko dute horretarako prestatuta dagoen orria beteta. Proposamenak aurkezteko modu desberdinak egongo dira: Zaldupe udal kiroldegian, Erregistro Orokorrean eta Turismo Bulegoan egongo diren mahaietan hautagaitza orriak bete eta hautestontzian sartzea, komunikazioa@ondarroa.eus edo jrosa@ondarroa.eus posta elektronikoetara mezu bat bidaltzea, udaletxeko lehen solairuko kirol sailean zuzenean hautagaitzaren papera entregatzea edo udalaren sare sozialen bitartez mezu pribatua bidaltzea. Hautagaitza bat aurkezterako orduan garrantzitsua izango da hautagaiaren izena, proposatzailearen izena eta hautagai horrek saria irabaztea zergatik merezi duen azaltzea.

Ondarroako kirol sariak.

Nagore Badiola Alberdi Kirol zinegotziak pasa den astean burututako kirol batzordean azaldu zituen aurtengo sariketaren oinarriak, eta azpimarratu zuen sariak irabazteko hautagaiak ez dutela zertan txapelketa eto sari gehien irabazi duten herritarrak izan: “kiroleko arrakasta ez dugu nahi bakarrrik sarien arabera neurtzea, baita herriari emandakoaren arabera edo kirolaren alde edo kirola bultzatzeko egindako ahaleginaren arabera ere”. Zinegotziak herritarrak animatu nahi izan ditu hautagaitzak aurkeztera, “askotan ikusgarritasun handiegirik ez duten kirolari edo kirolzale horiek euren tartetxoa eta errekonozimendurako aukera eduki dezaten Ondarroako kirol sarietan”.

Sari banaketa Kofradia Zaharrean egingo den ekitaldi batean egingo da.

HAUTAGAITZAK AURKEZTEKO EREDUA.

Kirol sarietarako hautagaiak aurkezteko hautestontzia, udal kiroldegiko sarreran.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina