Ikasturte berrirako Emakumeentzako Jabekuntza Eskola aurkeztu du Ondarroako Udalak

0

Emakumeentzako Jabekuntza Eskola antolatu du aurten ere Ondarroako Udalak, Etxelilan. Jabekuntza Eskola hauen bitartez emakumeek bizi duten desberdintasun egoera azaleratu eta beraien parte hartzea sustatu nahi da. Aurtengoan, udalak prestatu dituen eskoletan, gai hauen inguruko lanketa egingo da: feminismoa, kultura berdifinitzea, emakumeen osasuna, munduko emakumeekin elkartasuna  eta partehartze espazioak, Aringaingan taldea esaterako. Irina Alkorta Bedialauneta Berdintasun zinegotzia pozik agertu da ikasturte berrirako prestatu duten eskaintzarekin.

[IKUSI HEMEN 19/20 IKASTURTEKO JABEKUNTZA ESKOLEN ESKAINTZA GUZTIA.]

Hauek izango dira eskainiko diren ikastaroak: zoru pelbikoa lantzen; emakume italiarren literatura; Indarkeria matxistari buruzko diskurtsoak: nola interpretatu eta nola erantzun; Silvia Federicciren lana ezagutzen: Mundua berriz liluratuz; musika eta ahalduntzea; deribak, ongi bizitze feministarantz; gure bizi energia hobetzen: Chi-Kung hastapenean; Klownetik kabaretera: sentsualitatea umoretik; erotikoa ni? bai zera!; bota uxu!; autodefentsa feminista eta Orka Maris. Berdintasun zinegotziak azpimarratu du ikastaroak askotarikoak direla eta gai ezberdinak jorratzen ahalegindu direla. Eskerrak eman nahi izan dizkie ikastaro hauen prestakuntzan eta ikastaroak aurrera eramaten laguntzen duten guztiei.

Ikastaro guztiak Etxelilan eskainiko dira.

Aurtengo berritasunetako bat migratu beharra eduki duten emakumeei zuzendutako jabekuntza espazioa da. Trukerako gune horretan emakumeek beraiek elkarrekin eraikiko dute ahalduntze prozesua maila indibidualean zein kolektiboan.

Matrikulazio epea zabalik

Matrikula egiteko epea gaur (urriak 7) zabaldu da. Horretarako matrikula fitxa bete eta ordainketa egin behar da: goizetan, Udal diru Bilketan bulegoan eta, arratsaldeetan, Etxelilan (asteartetik ostiralera, 16:30etik 20:30era). Ikastaro guztiek 5 eta 10 euro arteko matrikula edukiko dute eta Etxelilan egingo dira, baina Oinarrizko Errenta jasotzen duten emakumeek edota 20 urtetik beherakoek %50eko deskontua edukiko dute. Udal ordezkariek zehaztu dutenez, ikastaro bakoitzeko lagun kopurua bete ahala itxi egingo da matrikulazioa. Taldeak osatzeko gutxienez 7 lagun beharko dira. Berdintasun Sailetik adierazi dutenez ikastaro guztietan egongo da erabilgarri Txirrimosrraskik eskainiko duen haurtzaindegi zerbitzua, baina horretarako beharrezkoa izango da astebete lehenago Etxelilan jakinaraztea.

[IKUSI HEMEN 19/20 IKASTURTEKO JABEKUNTZA ESKOLEN ESKAINTZA GUZTIA.]

Ondarroako Emakumeentzako Jabekuntza Eskolak ez du Eskola hutsa izan nahi, parte-hartze gunea baizik. Horregatik, hainbat parte hartze gune ipiniko dira aurten ere martxan emakumeentzat:

  • Aringaingan: Norberaren gaitasunen araberako entrenamendu pautak eskaintzen dira, erritmo desberdinetan aurrera egiteko (mailaren araberako taldeak osatuko dira). Aurten, beste urrats bat emango dugu kirol modalitate desberdinak lantzen. Arantza Burgoa Agirregomezkortak dinamizatuta. Aurkezpena: urriak 10, 19:00etan.
  • Literaturaz eztabaidatzeko gunea: Hilean behin (azken barikuetan) eta eskolako ikasleek bultzatuta, literatura, irakurketa eta eztabaida kritikoa lantzeko saioak burutuko dira ikuspegi feministatik.
  • Hipopresiboak: Zoru pelbikoa lantzen ikastaroan ikasitakoa praktikan jartzeko astean behin elkartzen dira hainbat lagun Etxelilan, beraien kabuz ariketak egiten jarraitzeko.
  • Andrabanda Feminista: Emakumeentzako perkusio eta ahots banda. Bandak filosofia feminista izango du oinarri, eta emakumeon jabekuntza pertsonala eta kolektiboa sustatuko du; horrela, esparru publikoan emakumeen presentzia eta protagonismoa bultzatuz eta aldarrikapen feminista zabalduz.
  • Migratutako emakumeak: Espazio bat sortuko da migratutako emakumeentzat, non elkartu edukitzeko eta non hausnartu haien migrazio ibilbidearen gainean eta jendarte berrian ageri zaizkien errealitateen
    gainean. Trukerako espazio horretan emakumeek beraiek elkarrekin eraikiko dute ahalduntze prozesua maila indibidualean zein kolektiboan. Metodologia partehartzailea izango da, hurbila, elkarrizketarako bidea emango duena non eta emakumeen interesak eta beharrizanak ardatza izango diren. Gazteleraz izango da. Aurkezpena: urriak 26, 17:00etatik 19:30era.
  • Neska gazteen txokoa: Gure zalantzak eta kezkak partekatzeko espazio falta sumatzen dugu. Zenbait problematikari buruz gehiago jakin nahi genuke. Geure burua, pertsonalki eta kolektiboki,
    maitatzeko espazioak ireki nahi ditugu. Feminismoan eta feminismoaz hazteko gogoz gaude. Gazte eta neska gara, egoera batzuez nazkatuta gaude eta horien aurrean zerbait egiteko gogoa sentitzen dugu, baina ezin jakin zelan aurrera eraman. Honen aurrean, txoko ireki bat sortzeko asmoz gaude: feminismoa ezagutzeko, parte hartzeko eta geure ekintza propioak eraikitzeko. Miren Larrea Murgoitio izango da dinamizatzailea eta azaroaren 8an, 18:00etan egingo dute aurkezpena.

[IKUSI HEMEN 19/20 IKASTURTEKO JABEKUNTZA ESKOLEN ESKAINTZA GUZTIA.]

Zalantzaren bat izanez gero Udal Berdintasun Sailak harremanetarako bitartekoak ipini ditu:

  • Udaletxeko Berdintasun Saila: 94 683 36 70 telefono zenbakia edo rbaltar@ondarroa.eus posta elektronikoa. Jendaurreko ordutegia astelehenetik ostiralera goizetan.
  • Etxelila: 94 613 40 08 telefono zenbakia edo etxelila@ondarroa.eus posta elektronikoa. Jendaurreko ordutegia asteartetik ostiralera, arratsaldez.

 

Nagore Basterra Berridi, zoru pelbikoaren lanketa ikastaroa eskainiko duen fisioterapeuta ondarrutarra, Irina Alkorta Bedialauneta Berdintasun zinegotzia eta Eneritz Basurko Pagoaga alkateordea, Jabekuntza Eskolen aurkezpenean.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina