Augustin Zubikarai VIII. ipuin rallya egingo dute herriko umeek eguenean

0

Herriko ikastetxeetako umeek Augustin Zubikarai VIII. ipuin rallya egingo dute ostegunean (urriak 10), goizeko 09:00etatik aurrera bakoitzak bere ikastetxean, Ondarroako Udalak antolatuta. Bi ordu edukiko dituzte ipuin bat sortu eta paperean idatzita entregatzeko. Ipuin horietan momentuan bertan ezagutuko duten esaldi bat sartu beharko dute nahitaez. LH5etik DBH4rako ikasleek parte hartuko dute.

Ondarroako Udalak, Zaldupe eskolak eta Zubi Zahar herri ikastolak elkarlanean eramango dute aurrera ipuin rallya, hiru mailatan banaturik: Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailak, DBHko lehen eta bigarren mailak eta DBHko hirugarren eta laugarren mailak. Behin ikastetxeetan egin beharreko zereginak amaitu ostean, ikuskizunez gozatzeko aukera edukiko dute gaztetxoek; Lehen Hezkuntzako ikasleentzat ikuskizuna Kalare Deuna Arrantzaleen Kofradiako areto nagusian egingo da, Izeba tekla musika emanaldia, eta DBHko ikasleei zuzendutakoa Gaztetxean, La Basuren hip-hop tailerra.

Ipuin rallyko sari banaketa Literatur Amuak jaialdiaren barruan egingo den Zubikarai sariketan egingo da, urriaren 30ean, 18:00etan Kofradia Zaharrean. Epaimahaia Leire Bilbao eta Ana Urkiza idazle ondarrutarrek osatuko dute.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina