Ondarroako Jatorri Aniztasuna Zenbakitan web zerbitzua aurkeztu du Ondarroako Udalak Etxelilan

0

Aztiker ikerketa zentruak egin du lanketa azken hiru urteetan Ondarroako Udalaren eskariz eta gaur aurkeztu da Etxelilan ondorioak azaltzen diren web zerbitzua. Bertan, herian dagoen jatorri aniztasuna azaltzen da, datuak, grafikoak, taulak eta abar eskainiz hainbat parametroren arabera. Udalbarriak.eus atarian dago eskuragarri web zerbitzu berria.

Aurkezpenean parte hartu dute Pedro Lasarte Iparragirre Aniztasun zinegotziarekin batera bi udal taldeek, Zaldupe eskolak, Zubi Zahar herri ikastolak, AEK euskaltegiak eta UEMAk; aurkezpernean egon dira baita ere Arantza Atxurra Aranguren Euskara zinegotzia eta euskara teknikaria, jatorri ezberdinetako herritarrak Ondarroara etortzean euskarara ekartzeko dagoen garrantzia azpimarratzeko.

[TXOSTENA: Ondarroako Jatorri Aniztasuna Zenbakitan]

Aztiker soziologia ikerguneko teknikariak web zerbitzuaren ezaugarriak eta datuak azaldu ditu lehenengo, eta bertaratu diren eragileei ere datu horiekin nolako lanketa egin daitekeen azaldu die. Pedro Lasarte Aniztasun zinegotziak esan du Ondarroako herria beti izan dela eskuzabala kanpotik herrira etorri direnekin. “Guri ere atzerrira joatea egokitu zaigunean ondo hartu gaituzte, eta uste dut gure herria ere eredugarria izan dela urteetan beste herri batzuetako jendea hartzeko”. “Ondarroak eta ondarrutarrok beti eduki izan dugu laguntzeko sena. Lehen, kanpora bidaltzen genuen gure laguntza, baina orain hementxe ditugu Afrika edota Asia, herrian bertan. Elkartasunez aritu behar gara, eta lagundu”.

Etxelilan egin da web zerbitzu berriaren aurkezpena.

Zinegotzia eta teknikaria bat etorri dira web zerbitzu berriaren garrantzia azpimarratzeko orduan: “uste dugu Ondarroan daukagun aniztasuna ulertzeko baliabide ederra dela web zerbitzu hau. Askotan gure inguran zer daukagun sakonago jakiteak ondokoari laguntzea errazten digu”.

Amaieran, zinegotziak esan du urtean bi Ongi Etorri saio egiten direla herrian, Ondarroako Harrera Protokoloan horrela zehaztu zelako, eta hurrengo ongi etorria azaroaren 30erako dagoela aurreikusita: “herrira etorritakoekin batzen gara, hemen zer dagoen azaltzen diegu eta gure laguntza eta baliabideak eskaini, beraiek euren bizipenak eta arazoak azaltzen dituzte eta guztiok artean testuinguru egoki bat sortzen ahalegintzen gara kanpotik migratu beharra eduki duen horrek berez dakarren zama guztia arintzen saiatzeko”.

[TXOSTENA: Ondarroako Jatorri Aniztasuna Zenbakitan]

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina