Idoia Garzes Aldazablek irabazi du XIX. Augustin Zubikarai nobela beka lehiaketa

0

Idoia Garzes Aldazabal lasarte-oriarrak irabazi du Ondarroako Udalak urtero antolatzen duen Augustin Zubikarai nobela beka lehiaketa. Aurten XIX. aldiz antolatu du udalak, Elkar argitaletxearekin batera. Gaur arratsaldean Kofradia Zaharrean egin den Zubikarai sarien ekitaldian eman da jakitera sariduna. 24 proiektu aurkeztu dira lehiaketara. Garzesek aurkeztu zuen proiektua saritzea erabaki zuen Ana Urkiza, Leire Bilbao eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak.

Garzesek urte guztia edukiko du proiektutik abiatuta liburua idazteko. Horren ostean Elkar argitaletxearekin kaleratuko du liburua, eta datorren urteko Literatur Amuak jaialdian aurkeztuko du. Iazko saria Eneko Barberenak irabazi zuen, eta gaur aurkeztu du beka hartatik sortutako Afrikanerrak eleberria.

[LITERATUR AMUAK: EGITARAUA]

Proiektua. Mendiko gaitza du izena Idoia Garzesen proiektuak, eta nobela beltz atipiko bat da. Arlet Anaut da protagonista, asperger sindromea duen emakume gazte bat, bere mendi-ibilaldi batean kasualitatez desagertze baten arrastoa agerian jarriko duena eta, ezustean, heriotza baten susmagarri bihurtu nahiko dutena. Berezia da Arlet, eleberriko protagonista eta narratzailea: besteentzat bitxiak diren pentsamenduak ditu, eta oro har ez du erraz konektatzen jendearekin. Arletez gain, leku berezia izango dute nobelan desagertua alargun femme fatalea eta kasuaz arduratuko den Ertzaintzako agentea.

[LITERATUR AMUAK: EGITARAUA]

Idoia Garzes 1973an jaio zen Lasarte-Orian. Iazko Xabier Lizardi haur literaturako saria eskuratu zuen, eta narrazio saritu hori Erein argitaletxeak eman zuen argitara: Hari single bat (2019).

2010ean formatuz aldatu zen ordura arteko nobela laburrentzako lehiaketa. Orduz geroztik, irabazle hauek eduki ditu lehiaketak:

  • 2010. Joxean Agirre, Zwei Frauen (Bi emakume).
  • 2011. Itxaso Araque, Damutzen ez direnak.
  • 2012. Garbiñe Ubeda, Hobe isilik.
  • 2013. Garazi Kamio, Orube abandonatuak.
  • 2014. Jasone Osoro: 12etan bermuta.
  • 2015. Miren Gorrotxategi: 33 ezkil.
  • 2016. Katixa Agirre: Amek ez dute.
  • 2017. Xabier Etxeberria: Berriro itzuliko balitz.
  • 2018. Eneko Barberena: Afrikanerrak.
Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina