Aurten herrira etorri direnekin ongi etorri saioa egingo da abenduaren 1ean Etxelilan

0

Ondarroako Udalak eta herriko hainbat elkartek herrira etorri berri direnei ongi etorria eman nahi diete. Horretarako bilduko dira udal ordezkariak, herrira etorri direnak eta herriko eragileetako ordezkariak abenduaren 1ean, igandean, Etxelilan, 11:00etan.

Herriko errealitatea gertuagotik ezagutzeko aukera eman nahi die udalak guztiei. “Ondarroan askotariko elkarteak daude eta hainbat aukera eskaintzen dituzte herrian: Euskara sustatzeko taldeak, kirol taldeak, dantza eta antzerki taldeak, musika taldeak… Bakoitzak beretik aniztasun kulturala bermatzen du eta denok batera gure herriko izaera indartzeko lan egiten dugu. Errealitate kultural hori osatzera dator etorri berriena ere”, esan du Pedro Lasarte Iparragirre Aniztasun zinegotziak. “Mundu oso bat daukagu Ondarroan, herrixka globala da gurea, jatorri anitzeko pertsonez osatuta; eta, aldi berean, nortasun propio handia du. Jendeak edozein aitzaki bilatzen du kalera ateratzeko eta bertan beti da zer egin edo non parte hartu, ekimen ugari izaten dira eta denok har dezakegu parte”, gaineratu du.

Ekainean egindako ongi etorri saioa.

Udalak urtean bi ongi etorri saio antolatzen ditu. Aurtengo lehenengoa ekainean egin zen, eta abenduaren 1ekoa izango da bigarrena. Parte hartu nahi duen herritar ororentzat egongo dira zabalik Etxelilako ateak.

Ongi etorri eta bizi Ondarroa!

HONEKIN LOTUTA:

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina