Azaroaren 25eko, Euskararen Eguneko eta Boliviako Estatu Kolpearen inguruko mozioak onartu ditu Ondarroako Udalak

0

2019ko azaroaren 28an Kofradia Zaharrean egindako pleno orokorrean onartu ziren hiru mozioak. Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguneko mozioa eta Euskara Egunekoa aho batez onartu ziren, eta Boliviako Estatu Kolpearen ingurukoa EH Bilduren aldeko bozkekin eta EAJ-PNVren abstentzioarekin.

Azaroaren 25aren inguruko mozioa Adierazpen Instituzional gisa onartu zen. Mozio hau, EH Bilduk Emakumeen Udal Berdintasun Kontseiluaren bitartez aurkeztu zuen udalbatzaren aurrean Irina Alkorta Bedialauneta Berdintasun zinegotziak eta aho batez onartu zuten bertaratu ziren udal ordezkari guztiek (EH Bilduko 7 eta EAJ-PNVko 5).

[AZAROAREN 25eko ADIERAZPEN INSTITUZIONALA]

Bigarren mozioa, abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Egunaren ingurukoa izan zen. Hasierako proposamena Euskara batzordeburu eta zinegotzi Arantza Atxurra Arangurenek egin zuen, eta EAJ-PNVren Euskara Batzordeko ordezkari Adina Carril Azkarateren ekarpen batekin onartu zen.

[EUSKARAREN EGUNAREN INGURUKO MOZIO BATERATUA]

Hirugarren eta azken mozioa Bolivian gertatutako estatu kolpearen inguruan aurkeztu zuen EH Bilduk. Nagore Badiola Alberdi zinegotziak irakurri zuen mozioa eta ondoren EAJ-PNVko ordezkari Aitor Basterretxea Alberdik udal taldearen abstentzioaren zergatia azaldu zuen: “Gu abstenitu egingo gara uste dugulako mozio horretan ez dela egia guztia agertzen. Amerikako Estatuen Batzordeak dio ez dagoela estaerik hauteskundeetako zenbaketa berme guztiekin egin zenik. Ulertzen dugu Boliviak bide baketsuen beharra duela presidente berria aukeratzeko hauteskundeak egin baino lehen. Horretarako elkarrizketa eraikitzaileak behar dira Boliviak bere erabakia hartu arte”. Horrez gain, gehitu zuen Ondarroako Udalari “handi” geratzen zaiola halako mozio bat onartzea, beraien ustetan “ez baita egon egia guztia jakiteko aukerarik. Gertatutakoaren kontakizun bat bakarrik dakigu hemen”.

Pedro Lasarte Iparragirre Aniztasun zinegotziak erantzun zion Ondarroako herriari Boliviako arazoa handi geratzen zaiola esatea ez zaiola ondo iruditzen. “Niri gustatuko litzaidake gure herrian ere halako zerbait gertatuz gero gainontzeko herrien babesa edukitzea”. Arantza Atxurra Aranguren zinegotziak gehitu zuen bere ustetan mundu globalizatuan arazo guztiak direla guztienak, eta Hegoamerikan aurrera eraman nahi dituzten sistema antikapitalisten aurka egiten ari diren suntsiketa azpimarratu zuen. Amaitzeko, Pedro Lasarte Iparragirrek El Salvadorreko apaiz baten hitzekin erantzun zion EAJ-PNVri, mozioak esaten duenaren inguruan EH Bilduren iritzia argituz: “gaizki ibili gaitezke, baina nahiago dugu behin pobreen alde nahastu milaka aldiz aberatsen alde egin baino”.

[BOLIVIAKO ESTATU KOLPEAREN INGURUKO MOZIOA]

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina