Abenduaren 28an ospatuko da 35. Egia-Iriondo memoriala, Jose Mari Aranbarri ‘Egia’ren hutsunearekin

0

Abenduaren 28an ospatuko da aurten 35. Egia-Iriondo memoriala. Aurtengoa, berezia izango da, Jose Mari Aranbarri Egiaren hutsunea handia izango baita. Bera omentzeko modurik politena herritarrak memorialean aringa-aringan aritzea izango da. Izen ematea ikastetxeen bitartez egin beharko dute umeek eta gaztetxoek, eta gazte eta nagusiek Turismo Bulegoan abenduaren 26an eta 27an, guztiak ere doan. Herritarrek zein kanpokoek parte hartu dezakete.

Azken urteetan goraka doa memorialean parte hartzen duten korrikalarien kopurua eta hori albiste ona dela esan du Nagore Badiola Alberdi kirol zinegotziak. “Aurten ere korrikalari asko espero ditugu lasterketan, bai ondarrutarrak eta baita inguruko herrietakoak ere”. Azken lasterketetan bezala, eta Ondarroako Atletismo Taldearen laguntzarekin, adin bakoitzera moldatutako ibilbideak edukiko dituzte parte hartzaileek, adin orotako herritarrek Egia-Iriondon parte hartu dezaten. Lasterketaren helmuga, urtero legez, Alde Zaharrean egongo da.

Iazko Egia-Iriondo lasterketa nagusiko irabazleak, protagonistekin eta udal ordezkariekin.

LASTERKETAK:

  • 11:15ean: Aurrebenjaminak eta gazteagoak (2012tik aurrera), Zeledoniotik. 250 metro.
  • 11:25ean: Benjaminak (2010 eta 2011), Zeledoniotik. 250 metro.
  • 11:40an: Alebinak (2008 eta 2009), Zaldupeko zubitik. 500 metro.
  • 11:55ean: Infantilak (2006 eta 2007) eta kadeteak (2004 eta 2005) Kamiñazpiko biribilgunetik. 1000 metro.
  • 12:30ean: lasterketa nagusia Berriatuatik. 4,25 kilometro.

Lasterketa nagusian parte hartuko dutenek autobus zerbitzua edukiko dute Astilleruko geralekuan, beste lasterketak amaitu ostean, 12:15 inguruan, doan.

1983an Jose Mari Aranbarri Egiak eta Martin Iriondok elkarren egindako apustuan dauka jatorria herrian hain ezaguna egin den lasterketak. Ume eta gazte guztientzat sariak egongo dira, eta kategoria nagusiko irabazle eta lehen hirurentzat txapela eta oroigarriak. Parte hartuko dutenen artean, gainera, hainbat produktu zozkatuko dituzte. Aurten, hutsune handia edukiko dugu sari banaketan, baina egongo da berarekin gogoratzeko tarte bat ere.

Egia eta Iriondo, apustua hasi baino lehen.

 

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina