Euskaraldiaren aurkezpena egingo da martxoaren 17an

0

Euskaraldiko Ondarroako lantaldeak bigarren Euskaraldiaren aurkezpena egingo du martxoaren 17an, asteartea, 19:00etan Kofradia Zaharrean. Bigarren Euskaraldia azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da.

Bigarren aldi honetan protagonismo berezia izango dute herriko elkarte eta taldeetan dabiltzan herritarrek. Hori dela eta, herritarrez gain Ondarroako talde eta elkarte desberdinetako ordezkarientzat ere luzatu da aurkezpenerako deia. Aurkezpen ekitaldiak bi zati edukiko ditu: lehenbizi, Euskaraldiaren lehen edizioko emaitzak azalduko dira. Ondoren, 2020ko Euskaraldiaren aurkezpena egingo da: noiz egingo den, zer berrikuntza dakarren, zergatik den garrantzitsua herriko elkarteek eta taldeek parte hartzea eta zer egin dezakegun elkarte edo talde moduan. Euskaraldiaren Ondarroako lantaldea hasita dago lanean Euskaraldia egoki antolatzeko eta aurkezpen ekitaldi hori izango da bigarren Euskaraldiaren abiapuntu formala. Aurreko Euskaraldiak oso erantzun ona jaso zuen Ondarroan eta oraingo honetan ere beste horrenbeste lortzeko ahaleginetan ari da lantaldea.

Formatu beretsua. Bigarren Euskaraldiak bi oinarri edukiko ditu. Lehenengoa, AhoBiziak eta BelarriPrestak izango dira, lehen Euskaraldian bezala. Bigarren oinarria, berriz, erakunde publiko, enpresa, saltoki, elkarte, talde eta gizarte eragileak izango dira. Bigarren Euskaraldiaren helburua aipatutako subjektu horiek Euskaraldian murgildu eta euskaraz aritzeko espazio bilakatzea da, Arigune paperean. Arantza Atxurra Aranguren Euskara zinegotziak gonbidapena herritar guztiei eta kolektibo guztiei luzatu die: «norbanakoak zein talderen batean edo elkarteren batean parte hartzen duzuen guztiok gonbidatuta zaudete aurkezpenera. Ondarroak erreferente izaten jarraitu behar du euskararen erabileran, eta hori denon esku dago».

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina