Koronabirusak eragindako larrialdi egoeraren zuzeneko jarraipena Ondarroan

0

AZKEN ALBISTEAK:

UDAL BANDOAK:

Ondarroako Udalak martxoaren 13tik (ostirala) hasita bertan behera utziak ditu udalak antolatu dituen alor desberdinetako ekintza guztiak (hitzaldiak, bilerak, antzerkiak…) eta itxi egin ditu udal eraikin guztiak (Zaldupe udal kiroldegia, Zaldupe udal futbol zelaia, Bixikan, Arraun Egoitza, Etxelila, Errebala Txikiñe Gaztelekua, KZ Gunea, Guzur Etxi sormengunea, Antiguako Ama jubilatuen elkartea, Kofradia Zaharra, Txomin Agirre udal liburutegia eta Gaztetxea). Eta hurrengo egunetan ekintza jendetsuren bat antolatu duten herriko talde eta eragileei ere ekintzok bertan behera uzteko gomendioa luzatzen die Ondarroako Udalak.

[UDAL BANDOA: instalakuntza publikoak itxita]

Martxoaren 13an, ikastetxeak itxita zeuden lehen egunean, herriko ziburuak ixtea erabaki zuen Ondarroako Udalak, haurren segurtasuna bermatze aldera eta prebentzio neurri gisa: Kamiñazpikoak, Zaldupe eskolakoak, Itsasaurrekoak eta Arrigorri hondartzakoak, neurri berriak hartu arte. Pertsona asko elkartzen diren lekuetan ari da udala neurriak hartzen eta ikusita herriko ziburuetan ume zein nagusiak batzen direla egokia ikusi da neurri hau hartzea prebentzio gisa. Mesedez, errespetatu hartutako neurriak!

[UDAL BANDOA: herriko ziburuak itxita]

Udalak uste du Eusko Jaurlaritzak EAEko ikastetxe guztiak ixteko hartutako erabakiari jarraituz zentzuzkoena dela erabilera publikoko eraikin publiko guztiak ixtea eta jende multzo handiak saihestea. Neurri hauek Eusko Jaurlaritzak kontrakorik esan arte mantenduko dira, gutxienez hurrengo 15 egunetan, ikastetxeak berriz ere zabaldu arte. Udal eraikinetan egitea aurreikusita dauden gauzak, antolatzailea edozein izanik ere, bertan behera geratzen dira martxoaren 13tik aurrera.

Ondarroako Udalak eta Osasun Zentroak baieztatu ahal izan dute herrian ez dagoela Covid19 birusa daukan inor, baina Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko gomendioei jarraituz herritar asko batu daitezkeen ekintzak bertan behera uztea erabaki da.

Sintomaren bat edukiz gero (sukarra, eztarriko mina, eztula…) ez da Osasun Zentrora joan behar, ezta 112 telefonora deitu. 900 20 30 50 da telefono egokia.

Irakurri hemen koronabirusari buruzko ohiko galderen erantzunak: zer da? nola hedatzen da? zein dira sintomak? nola jakin badaukat edo ez? zenbat irauten du?…

Ondarroako Osasun Zentrotik ere bilerak ekiditea eta soilik behar-beharrezko kasuetan batzartzea eskatu dute, eta ahal den heinean herritik ez ateratzeko eta ez bidaiatzeko eskatu dute.

Ondarroako Udalak gomendioren bat edo informazioren bat jasotzen duenean ohiko bideetatik helaraziko die herritarrei. Bien bitartean soilik informazio bide ofizialei jaramon egiteko eskatzen du udalak, kontraesanak eta beharrezkoak ez diren alarmismoak ekiditeko.

HONEKIN LOTUTA:

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina