Boluntario sarea handitu nahi du Ondarroako Udalak, larrialdi egoeran laguntza eskaintzen jarraitzeko

0

Larrialdi egoera ezarri zenetik herriko hainbat pertsona behar dutenei laguntzen ari dira, baina egunak aurrera joan ahala laguntza behar duten herritarrak ere gehituz doaz, beraz, udalak boluntarioen sarea handitu nahi du. Horregatik, udaleko Ongizate Batzordeak boluntarioak gehitu nahi ditu.

Boluntarioek laguntza behar duten herritarrei erosketak egitea, ogia ekartzea, farmaziatik botikak ekartzea ero zakarrak botatzea izango dute zeregina. Boluntario izan nahi dutenek 608 22 97 95 telefonoan eman behar dute izena; izen-abizenak, telefono zenbakia eta posta elektronikoa eman beharko dituzte. Udalak zeregin hauetarako behar dituzten bitartekoak emango dizkie, hala nola, eskularruak.

Ongizate Batzordetik elkarri laguntzearen garrantzia azpimarratu du Eneritz Basurko Pagoaga batzordeburuak: “herri txiki bat gara eta garrantzitsua da gure artean elkartasun sareak sortzen eta handitzen joatea”. Gehitu du geroz eta jende gehiago ari dela laguntza eskatzen egunak aurrera joan ahala, eta horregatik dela hain garrantzitsua boluntario sare hori handitzea: “zenbat eta boluntario gehiago batu orduan eta errazagoa izango da dena. Gure asmoa da laguntza behar dutenengana joan behar diren laguntzaileak auzo edo kale berdinekoak izatea, uste dugulako jende ezagunak eman lezakeen konfidantza oso garrantzitsua dela”.

HONEKIN LOTUTA:

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina