Zaldupeko astearte eta larunbatetako azokak zabalik jarraituko du, udalak duelako horren eskumena eta lehentasuneko zerbitzutzat jotzen delako

1

Ondarroako Udalak oinarrizko zerbitzutzat dauka baserritarrek eta beste saltzaileek astearte eta larunbat goizetan Zaldupe eskolako jolastokian egiten duten azoka, eta Eusko Jaurlaritzak baserritarrei azokara etortzea debekatu badie ere udalak zabaldu egingo du azoka, hara etortzen diren saltzaileek eskaintzen duten zerbitzua oinarrizkoa delako eta azoka eta merkatuei dagokien eskumena udalarena delako. Ondarroako Udalak segurtasuna bermatzeko lekualdatu zituen azokako saltzaileak Berdura Plazatik Zaldupera, eta martxoaren 24an sinatu zuen alkateak segurtasun arauak eta funtzionamendua neurtzen dituen protokoloa.

“Erabaki honekin saltzaileen eta erosleen eskubideak urratzen dira: non geratzen da gertuko eredu produktibotan ekoiztutako elikagaiak saldu eta erosteko eskubidea? Non geratzen da kontsumitzaileek zein elikadura mota nahi duten aukeratzeko eskubidea?”, esan du alkateak. Uste dugu alarma egoera aitzakia baino ez dela beste merkataritza eredu batzuk bultzatzeko, eta guk herriko kontsumoa bultzatu nahi dugu, herri bizia nahi dugulako.

Astearte eta larunbatetan etortzen diren saltzaileak Zaldupen egongo dira bihar ere euren produktuekin. Eusko Jaurlaritzak debekatu egin du asteon saltzaile hauek azoketara joatea, eta horren ordez merkatalgune handien bitartez euren salgaiak eskaintzera bideratu ditu. Ondarroako Udalak uste du azokak estrategikoak direla lehen sektorearen biziraupenerako eta orain artekoak bezalako osasun eta segurtasun neurriekin berdin-berdin antolatu ahal direla azoka hauek.

Horrez gain, herritarrek bertoko produktuak erosi ahal izateko aukera da, euren konfidantzazko saltzaileen eskutik eta gertuko merkataritza kalitatezkoa mantenduz. Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak esan du ez duela ulertzen nola egunean langile eta erosleen artean milaka lagun igarotzen diren merkatalguneak ireki daitezkeen eta herri txikietako ohiko azokak ez: “ez dauka inolako zentzurik. Lehen sektoreko baserritar eta nekazarien salmenta gune garrantzitsuak dira azokak, eta ez du zentzurik salmenta horiek merkatalgune handietara bideratzea, ez alarma egoeran ez inoiz”.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Iruzkin 1

  1. Oso ongi iruditzen zait. Erabaki zuzena. Gobernu honen inkoherentziei aurre egin behar diogu.

Reply To Asier Cancel Reply