Irailaren 30ean amaitzen da XX. Augustin Zubikarai nobela beka lehiaketara proiektuak aurkezteko epea

0

Ondarroako Udalak urtero antolatzen duen nobela beka lehiaketak 20. aldia beteko du aurten. Augustin Zubikarai nobela beka lehiaketa eleberriak idazteko proiektuak aurkezteko lehiaketa da, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak eta beste inon saritu gabeak. 20 urte hauetan izen handiko idazleek irabazi dute lehiaketa eta literatur lan ederren jaiolekua izan da lehiaketa. Zineman amaitu duen libururik ere idatzi da Augustin Zubikarai sariketari esker.

Saria 6.000 eurokoa izango da eta Ondarroako Udalak ordainduko dio irabazleari era honetara: bekaren diru-kopuruaren erdia, irabazle izendatu ondoren, eta beste erdia, idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan.

Lanak aurkezteko epea 2020ko irailaren 30era arte egongo da zabalik. Proiektuak mrey@ondarroa.eus posta elektronikora bidali behar dira. Partehartzaile bakoitzak, ondorengoak aurkeztu behar ditu, emailez atxikitako dokumentuetan: landu nahi duen kontakizunaren azalpena, bi mila eta sei mila karaktere bitartekoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, argumentua, egitura, luzera, estiloa, etab; idazlanaren lagina edo erakusgarria, hamabost mila eta berrogei mila karaktere bitartekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena; egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatua. (Egileei buruzko informazioa Udalak gordeko du erabakia hartu arte, eta epaimahaikoek ez dute jakingo haien berri. Lehiaketa noizbait irabazi duen oro ezin da berriro aurkeztu.

Epaimahaia. Ana Urkiza, Leire Bilbao eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle 2020ko urriaren 31 baino lehen. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezake epaimahaiak.

BESTE ZEHAZTAPEN BATZUK:

  1. Irabazleak, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du, gehienez, idazlan amaitua Ondarroako Udalari helarazteko. Luzera aldez aurretik zehazten zaila bada ere, liburua osatzeko adina izan beharko du: 150.000 karaktere gutxienez. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, epaimahaikoei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena jaso. Horrez gain, lanaren martxaz jakinaren gainean edukiko ditu antolatzaileak.
  2. Idazleak bere lana entregatuko ez balu, edo idazlan horren izaera eta kalitatea, epaimahaikoen iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmenki kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko du jasotako dirua.
  3. Beka jasotako idazlanaren jabetza egilearena izango da. Alabaina, lan horrek ezingo du beste inongo beka edo saririk jaso, ez laguntzaren aurretik ez eta ondoren ere, argitaratu osteko sariak izan ezik. Elkar argitaletxeak argitaratuko du idazlana, eta egile-eskubideak ohiko moduan ordainduko dizkio egileari. Epaimahaiak onespena ematen duenetik hiru hilabeteko epean kaleratu beharko da liburua, eta bertan bekaren aipamena egingo da nahitaez.
  4. Beka-deialdi honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Horien ulermenean zalantzarik balego, antolatzaileei dagokie erabakitzea.

2019ko Zubikarai sari banaketa. Eserita, Eneko Barberena 2018ko sariketako irabazlea bere liburua aurkezten eta Idoia Garzes, iazko irabazlea, proiektua aurkezten. Zutik, berriz, udal ordezkariak eta epaimahaikideak. Argazkia: Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina