Kiroldegi Birtualak geroz eta eskaintza handiagoa dauka, herritarren kolaborazioei esker

0

Ondarroako Udalak antolatutako kiroldegi birtualak geroz eta eskaintza zabalagoa dauka. Hainbat ataletan zerrendaturik adin desberdinetako pertsonei zuzendutako ariketa desberdinak egiteko aukera dago bideoen bitartez. Kiroldegiko eguneroko bideoz gain, herritarren kolaborazioei esker geroz eta eskaintza zabalagoa dauka Kiroldegi Birtualak.

Klikatu hemen eta joan zuzenean Kiroldegi Birtualera eta gozatu kirola eginaz.

Kiroldegi birtuala zabaltzeko lanean herriko kirol taldeetako kideek lagundu dute. Larunbatetik aurrera ikusgai egongo dira futbolari, arraunlari eta eskalatzaileentzat herritarrek sortutako lan saioak. Horiez gain, meditazio klase bat ere ikusgai egongo da Amaia Zelaia Etxabururen eskutik. Nagore Badiola Alberdi Kirol zinegotzia pozik agertu da Kiroldegi Birtualaren funtzionamenduarekin eta asko eskertu du kiroldegiko monitoreen zein bideoak prestatu dituzten herritarren lana: “konfinamenduan egonda oso zaila da herritarrek kirola egitea, bereziki kirol zehatz batzuk. Eskertzekoa da herritarrek egin duten lana kirol bakoitza etxeko entrenamendura moldatuz eta hori gainontzekoei eskainiz”.

Kirol zinegotziak esan du herritarren batek kolaborazioren bat egin nahi izanez gero komunikazio sailarekin jarri behar dela harremanetan: komunikazioa@ondarroa.eus posta elektronikoan.

Nagusiei bereziki zuzendutakoak. Zaldupe udal kiroldegia itxi behar izateak nagusiengan hutsune handia utzi du. Hori orekatzeko asmoarekin, Kiroldegi Birtualean nagusiei zuzendutako atal bereziak daude. Alde batetik, Nagore Basterra Berridi fisioterapeuta ondarrutarrak beren beregi prestatutako ariketak daude. Beste alde batetik, astelehenetik ostiralera ETB-1en eskaintzen den Adinberri programa ikusi ahal izateko lotura dago, eguneroko programak ikusi ahal izateko; saio hori iñigo Vicens Aristi entrenatzaile pertsonal ondarrutarrak gidatzen du, Zuriñe Hidalgorekin batera.

On-line sortzen diren eduki guztiak bateratzeko asmoarekin, Etxelilan antolatutako Jabekuntza Eskoletako Zoru Pelbikoa Lantzen on-line ikastaroko bideoak ere eskuragarri daude. Hemengo irakaslea ere Nagore Basterra Berridi fisioterapeuta da.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina