Maiatzaren 4an hasiko den errenta aitorpena euskaraz egitera bultzatu nahi ditu herritarrak Ondarroako Udalak

0

Errentaren aitorpena aurrez-aurre egiteko aukera bertan behera geratu bada ere larrialdi egoera dela eta, UEMAk, Ondarroako Udalak eta herriko zenbait finantza erakunde eta aholkularitza enpresek aitorpenak euskaraz egitera animatu dituzte herritarrak.

Administrazioa euskalduntzeko duen eraginagatik, euskararen normalizaziorako bidean udalerri euskaldunak egiten ari diren beste urrats bat da errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea. Urratsa sendoa izan dadin, ordea, herritarren babesa eta parte-hartzea ere beharrezkoa da, eta hautu horretan eragin nahi du aurten ere UEMAk, udalekin eta beste hainbat erakunde publikorekin elkarlanean abiarazitako kanpainak, euskarak dagokion lekua izan dezan administrazio publikoan ere. Ikuspuntu bera dauka Arantza Atxurra Aranguren Euskara zinegotziak ere: “euskararen normalizazio prozesuan behar-beharrezko urratsa da administrazioa euskalduntzearena, eta hor oinarrizkoak dira herritarrak eta euskara”.

Iaz errenta aitorpenen ia erdia euskaraz egin zen herrian (%47,4), eta aurtengo erronka tarte hori are gehiago txikitzen joatea da.

Udala pozik dago azken urteetako kanpainei esker euskaraz egindako errenta aitorpenek herrian eduki duten bilakaerarekin. “Apurka-apurka geroz eta gehiago dira euskaraz egiten duten herritarrak eta hori garrantzitsua da normalizazio prozesuan”. “Udalaren asmoa kanpaina hauekin jarraitzea da, administrazioa, beti euskaraz aritzea posible izan arte”.

Hauek dira kanpainarekin bat egiten duten Ondarroako erakundeak:

IAZKO DATUAK ONDARROAN:

  • Aitorpenak guztira: 4.453
  • Aitorpenak gazteleraz: 2.318 (%52,1).
  • Aitorpenak euskaraz: 2.112 (%47,4).
  • Aitorpenaren daturik ez: 23 (%0,5).

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina