Zer litzateke halako egoerei aurre egitea Danonartin bezalako elkarterik gabe? Eskerrik asko Ondarroako eta Berriatuako udalen partez

0

Ondarroako Danonartin elkarteak beharrizanak dituzten familiei elikagaiak banatzen dizkie hilero, Ondarroako eta Berriatuko familiei. 2011an hasi ziren elikagaiak batu eta banatzen eta iazko Gabonak baino lehen ateak ixtear egon ziren; gaurko egoerari aurre egitea oso zaila litzateke halako elkarteen laguntzarik gabe. Zer litzateke egoera honi aurre egitea Danonartinek ateak itxi izan balitu duela 5 hilabete eskas?

Danonartin elkartearen lokala.

Proiektuan murgildu eta boluntario gisa aipatutako lanen bat egiteko prest dauden herritarrek danonartin@hotmail.com helbide elektronikora mezu bat baino ez dute bidali behar. Lan desberdinak egiten dituzte boluntarioek: Elikagai Bankutik etortzen den kamioiaren deskarga (hilabetean behin), banaketa egunerako kaxak edo loteak prestatzea (hilabetean behin, taldekideek erabakitzen duten egun eta orduan) eta banaketa (hilabetean behin Gizarte Zerbitzuek esleitutakoaren araberako banaketa egin Danonartineko lokalean).

“Oso datu esanguratsuak dira eta udaletik garrantzitsua deritzogu Danonartin elkarteari babesa eta laguntza ematen jarraitzea. Horregatik, boluntario izan nahi duen oro izango da ongietorria elkartean”, azpimarratu dute Ondarroako Ongizate Batzordetik.

Ondarroako eta Berriatuako herritarrei banatzen dizkie elikagaiak elkarteak, eta oso eskertuta daude bi herrietako alkateak, Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga eta Jon Arriola Espilla: “egoera honek bizimodua aldatu digu egun batetik bestera eta herritar asko esku hutsik utzi ditu. Danonartin elkarteak laguntza ederra ematen dio bi herrietako 80 bat familiari. Oso eskertuta gaude!”. Zenbaki batzuk aipatzearren, Danonartin elkarteak azken banaketako datuak azpimarratu ditu: “apirileko banaketan 72 helduk jaso zuten etxerako janaria Danonartin elkartean, guztira 2007kg elikagai; 84 familiak zeuden zerrendan. Aurreko hilabeteko banaketan, ostera, 24 umek eta 61 nagusik jaso zuten elikagai otarra, guztira 1820kg. Hilabete honetan umeentzako janari banaketa Gurutze Gorriak egin du eta 61 umerentzako elikagaiak banatu dituzte.

Danonartin elkarteak hilabetero banatzen ditu otarrak, Gizarte Zerbitzuek hala egokitzen zaiela esaten duten familiei. Baina elikagai horiek lortu eta kudeatu ahal izateko ezinbestekoa da boluntarioen eta herritarren laguntza. “Mundu mailako erakundeak ezustean harrapatu ditu Covid19aren krisiak eta argi geratu da herria ari dela ematen irtenbidea herriari”, esan dute bi alkateek.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina