Osasun Sailaren gomendioak jarraituz, Arrigorri hondartzako araudi berezia prestatu du udalak; ekainaren 15era arte egongo da indarrean

0

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak maiatzaren 28an bidalitako ofiziozko idatziari jarraituz, Ondarroako Udalak erabaki hauek hartu ditu Arrigorri hondartzaren erabilera arautzeko larrialdi egoeran. Erabaki hauek ekainaren 15era arte egongo dira indarrean gutxienez, orduan hasten baita ofizialki hondartzen denboraldia.

Hondartzen denboraldia hasitakoan, Bizkaiko hondartza bakoitzak bere protokolo eta kontingentzia plan propioa edukiko ditu, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Ertzaintzak onartua izan beharko dena.

Zunbeltz Bedialauneta, alkatea: “Garrantzitsua da arau hauek guztiok betetzea, guztiok segurtasunez gozatu ahal izateko uda garaiaz eta gure hondartzez. Erabaki hauek denon onerako hartzen dira. Garai zailak dira, baina garrantzitsua da gauzak ondo egiten jarraitzea”.

ARRIGORRI HONDARTZAREN ERABILERA (ekainaren 15era arte)

1-SARRERAK ETA IRTEERAK:

  • Oinezkoentzako sarrera eta irteerak markatu dira (lurrean markatutako geziekin). Bakoitza bere norabidetik joan behar da, pilaketak saihesteko.
  • Bizikleten aparkalekuak tokiz aldatu dira, hondartzako sarreran oinezkoak eta bizikletaz doazenak elkartzea saihesteko. Bizikletentzako aparkalekuak errepide azpiko pasabidearen aldaparen amaieran daude.
  • Kalatraba zubitik eta txiringitora bitarte debekatuta dago bizikletan joatea.

2-HONDARTZA EREMUAREN ERABILERA:

2.1. IRIZPIDE OROKORRAK.

  • Hondartzan gehienez hiru ordu egon daiteke. Jende gehiagok hondartzaz gozatu ahal izatea eta pilaketak ekiditea dira helburua.
  • Hondartzan gehienez 10-15 laguneko taldeetan egon, eta beti ere segurtasun tarteak mantenduz.

2.2. ASTELEHENETIK DOMEKARA.

  • Bainatu, eguzkia hartu, igeri egin… normaltasunez.
  • Uretan kirola egitea baimenduta dago.
  • Uretatik kanpo banakako kirolak eta kontaktu fisikorik behar ez dutenak egin daitezke (palak, korrika…). Hauek egiteko beti ere espazio nahiko bermatu beharko da.

2.2.1. MAREA GOIAN DAGOENEAN (ASTEBURUETAN).

Marea goian dagoenean (asteburuetan, ez astelehenetik barikura) hondartzaren funtzionamendua dinamikoa izango da. Zapatuetan eta domeketan jende gehiago etortzen da Arrigorrira, beraz, pilaketak saihestea da helburua. Formula hau Bizkaiko hondartza gehienetan erabiliko da larrialdi egoerak irauten duen bitartean. Pilaketak saihestea eta nahi duen orok hondartzaz gozatu ahal izatea dira hondartza dinamikoaren helburuak.

Zer suposatzen du hondartza dinamikoak?

  • Paseoak eman daitezke? BAI.
  • Umeekin jolastu daiteke? BAI.
  • Bainua hartu daiteke? BAI. Eta gero ordu laurden bat egon eguzkitan lehortzeko.
  • Eguzkia hartzen egon daiteke? EZ.
  • Egin daiteke kirolik uretatik kanpo? EZ.

Aurreko arau hauek noiz bete behar dira?

Marea goian dagoenean eta asteburuetan. Marea igoko den ordua baino ordu eta laurden lehenagotik eta marea igo eta ordu eta laurden geroagora arte. Adibidez, bihar marea gora 11:18an bada, hondartza dinamikoa izango da 10:00etatik 12:30era. Eguneko gainontzeko ordu guztietan funtzionamendua ohikoa izango da, beti ere araudi berri honetan agertzen diren neurriak betez.

MAREEN TAULA EKAINAREN 15era ARTEKO ASTEBURUETAN:

  • MAIATZAK 30, ZAPATUA
    • Marea goian 11:18ean.
    • Hondartza dinamikoa: 10:00etatik 12:30era.
  • MAIATZAK 31, DOMEKA
    • Marea goian 12:34ean.
    • Hondartza dinamikoa: 11:00etatik 13:30era.
  • EKAINAK 6, ZAPATUA
    • Marea goian 17:51ean
    • Hondartza dinamikoa: 16:30etatik 19:00etara.
  • EKAINAK 7, DOMEKA
    • Marea goian 18:35ean.
    • Hondartza dinamikoa: 17:00etatik 20:00etara.
  • EKAINAK 13, ZAPATUA
    • Marea goian 11:23ean.
    • Hondartza dinamikoa: 10:00etatik 12:30era.
  • EKAINAK 14, DOMEKA
    • Marea goian: 12:29ean.
    • Hondartza dinamikoa: 11:00etatik 13:30era.

3-KOMUNAK:

Ekainaren 15ean zabalduko dira.

4-DUTXAK ETA ITURRIAK:

Uztailaren 1era arte itxita daude Bizkaiko hondartzetako iturri eta dutxa guztiak, Foru Aldundiko ordezkarien gomendioz, uste delako kutsatzeko foku bat izan daitekeela.

5-OSASUN BALDINTZAK:

Eraman nezake sonbrilarik, aulkirik edo hamakarik?

  • Larrialdi egoerak dirauen bitartean horiek erabiltzeko baimena bakarrik hauek edukiko dute: 3 urtera arteko umeek, 65 urte edo gehiagokoek edo beharrizan bereziak dituztenek.

Neurri honek bi helburu ditu: alde batetik hondartza ahalik eta dinamikoena izatea eta hondartzan kutsadura transmititzeko ahalik eta elementu gutxien egotea jendearen artean.

GOMENDIOAK:

Ez dago soroslerik, beraz, arretaz jokatu.

Bi metroko segurtasun tartea mantendu beti.

Sintomaren bat badaukazu, ez joan.

Errespetatu arau guztiak, denon onerako dira eta.

Ekainaren 15era arte arau hauek errespetatu behar ditugu guztiok. Egoerak txarrera egiten badu hondartzetan beste neurri batzuk hartu beharra egongo da.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina