Zaldupe udal kiroldegia desinfektatu egingo da bihar goizean, Covid-19 kasu bat agertu delako; kasua aztertu ostean, Osakidetzak esan du ez dagoela instalakuntza itxi beharrik

0

Zaldupe udal kiroldegian Covid-19 kasu positibo bat gertatu da. Horren harira, harremanetan jarri dira Ondarroako Udala eta Osakidetza eta osasun sailaren protokolo eta gomendioak jarraitzen ari da udala. Positibo eman duen langileak, osasun saileko aztarnarien esanetan, ez du beste langileekin eta erabiltzaileekin arriskua sortzerainoko hartuemanik eduki, beraz, instalakuntza ez da itxi behar. Hartueman hori nolakoa izan den ebaluatzeko orduan elkarrekin igarotako denbora, segurtasun tartea, maskarilaren erabilera eta beste zenbait irizpide hartzen ditu kontuan Osasun sailaren aztarnari taldeak.

Hala eta guztiz ere, Osakidetzak, instalakuntzak desinfektatzeko aholkatu dio Ondarroako Udalari eta bihar goizeko 07:00etan egingo da lan hori (gaur arratsaldean itxita dago kiroldegia), erabiltzaileek lehen ordurako instalakuntzak prest eta garbi eduki ditzaten. Halako kasuetan udalak ez du erabakiak bere kabuz hartzeko eskumenik eta adituak diren Osasun Saileko profesionalen esku jarri da udala.

Ondarroako Udala Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailaren gomendioei jarraituz ari da pausu guztiak ematen, eta aurrerantzean emango dituen urrats guztiak ere osasungintzako profesionalekin kontrastatuak izango dira. Udal instalakuntzaren batean Covid-19 kasu positiboren bat agertzen den guztietan Osakidetzaren esku geratuko da udala, hark esandakoa betetzeko. Herritarrei ere ahal bezain laster emango zaie instalakuntza publikoei buruzko informazio guztia, beti ere baieztapen ofizial guztiak jasotakoan.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina