Ondarroako Udalak Gaztelekua eta Etxelila ipini ditu herriko ikastetxeen eskura, ikasturtean beharrizanak dituztenerako

0

EUDELek abuztuaren 26an (eguaztena) Ondarroako Udalari eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gainontzeko udalei egindako eskariari erantzunez Errebala Txikiñe Gaztelekua eta Etxelila ipini ditu herriko ikastetxeen eskura, ikasturtean gerta daitezkeen gorabeherei aurre egin ahal izateko ikasgela eta espazio gehiago edukitzeko. EUDELek bideratutako eskari hau Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailetik dator.

Zaldupe eskolako haurren ikasgela bat.

Errebala Txikiñe Gaztelekua eta Etxelila aukeratu dira aldi berean eskari bat baino gehiagori erantzuna eman diezaiokeen eraikinean daudelako. Lehen ere haurreskola izandako eraikina da eta gelak sortuta daude dagoeneko. Horrez gain, beheko solairuak irisgarritasuna dauka. Espazio desberdin asko dituen eraikina da eta aireztapena ere egokia, gela bakoitzak bere leiho handiak baitauzka.

Udala, herriko ikastetxeak eta Osasun Zentroa eguaztenean (abuztuak 26) elkartu ziren udaletxean ikasturte hasieraren aurrean dagoen ezjakintasunaren aurrean zalantzak argitzeko eta gutxiengo batzuk adosteko.

19/20 ikasturteko azken egunetako eskola bat, Zubi Zahar herri ikastolan.

Ondarroako Udalak bete du EUDELek eskatutako guztia, baina udaletik ere eskari argia egin nahi izan da gero bertatik Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailera bideratzeko (eskari formala abuztuaren 27an egin zen). “Ondarroako Udalak prestutasun osoa erakutsi du ikasturte hasiera berezian laguntzeko, baina bere kezka ere adierazi nahi du, hezkuntza komunitatearengan dagoen ziurgabetasuna handia delako ikasturtea hasteko 10 egun baino gutxiago geratzen direnean; ikastetxe batzuek, esaterako, ezin dute geletan ikasleen arteko metro eta erdiko segurtasun tartea mantendu”, esan du Eneritz Basurko Pagoaga Hezkuntza batzordeburuak.

[IRAKURRI HEMEN UDALAREN IDATZIA]

Udalak EUDELen bitartez Hezkuntza Sailari bideratutako idatzian, argi uzten dira ikastetxeekin egindako batzar horretan agertutako eskaera nagusi bi: ikasle ratioak jaistea eta irakasle gehiago kontratatzea. “Guztion nahia da ikasturtea normaltasunez hastea eta horrela jarraitzea, baina horretarako tresnak ipini behar dira mahai gainean”, azpimarratu du Hezkuntza batzordeburuak.

[IRAKURRI HEMEN UDALAREN IDATZIA]

Udalek hezkuntza gaietan eskumenik ez daukaten arren, Ondarroako Udalak bere esku dagoena egiteko konpromisoa hartu du Zaldupe eskolarekin, Zubi Zahar herri ikastolarekin eta Ondarroa BHI institutuarekin ikasturtean gerta daitezkeenetan laguntza osoa emateko. Horren harira, irailaren 21ean berriz ere udaletxean bilera bat egiteko geratu dira, ikasturteko lehen 15 egunen balorazioa egiteko.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina