“AHTren lanetan gastatzen ari diren funts publikoak oinarrizko beharretara” bideratzeko eskatzen duen mozioa onartu du Ondarroako Udalak

0

Mozioa, Orain Ardura ekimen herritarrak aurkeztu zuen Ondarroako Udalaren aurrean eta uztailaren 30eko ohiko udalbatzan eztabaidatu zen. EH Bilduk mozioaren aldeko bozka eman zuen, eta EAJ/PNVk, ostera kontrakoa. EH Bilduko zinegotzi batek udalbatzara ezin izan zuenez joan, alkatearen kalitatezko botoak hautsi zuen berdinketa eta mozio onartuta geratu zen.

[IRAKURRI HEMEN MOZIOA]

EH Bilduko zinegotzi Pedro Lasarte Iparragirrek esan zuen Abiadura Handiko Trenari buruzko eztabaida oraindik ere gizartean egon badagoela, adostasunik gabeko proiektu handi bat delako: diru kostu handia, trenaren funtzioa, bideragarritasuna eta behar ote den edo ez, proiektuaren hasierako aurrekontuak izugarri handitzea, naturan eta ingurumenean eragindako kaltea, baserri desjabetzeak… Eztabaida horri konponbidea bilatzeko eta AHT bezalako proiektuei buruz herritarrek erabaki ahal izateko, prozesu parte hartzaileen garrantzia azpimarratu zuen Lasartek.

[IRAKURRI HEMEN MOZIOA]

EAJ/PNVren ezezko bozka Maria Dolores Etxano Varelak azaldu zuen. Azpimarratu zuen AHTren eskumena Espainiako Gobernuarena dela eta %90a exekutatuta dagoela. Gastu soziala mantentzearen aldeko apustua egin behar dela esan zuen, inbertsio publiko minimoak mantenduz. “Aurreko krisialdian inbertsio publikoa murriztu egin zen eta maila berreskuratzea ez da erraza izan. AHT estrategikoa da eta gainera Europako diru laguntzak daude inbertsioari aurre egiteko”.

[IRAKURRI HEMEN MOZIOA]

Mozioa onartuta, Ondarroako Udalak honen berri eman dio Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari. Horrez gain, eskaera hau ere egin dio: “krisiaren ondorioak arintzen laguntzeko handitu ditzatela oinarrizko gizarte-zerbitzuetarako eta krisiak eragindako sektoreentzako laguntzetarako aurrekontu-partidak; eta, horretarako, Abiadura Handiko Trenaren obretarako eta proiektuetarako erabiltzen diren funts publikoak erabil ditzatela, horrenbestez, obra eta proiektu horiek geldiarazi egin beharko liratekeelarik”.

[IRAKURRI HEMEN MOZIOA]

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina