Martitzenean ipiniko dira eskuragarri 0-18 urte bitartekoei zuzendutako ‘Ikasturte Hasierako Bonoak’, Turismo Bulegoan

0

0-18 urte bitarteko ondarrutar bakoitzak 10 euroko bonoa jasotzeko aukera dauka Turismo Bulegoan. Martitzenean (irailak 22) ipiniko dira eskuragarri, 12:00etan. Adingabeak ezin dira bakarrik joan bonoa hartzera, eta derrigorra da Familia Liburua aurkeztea Turismo Bulegoan. 1.240 bono ipini dira eskuragarri, adingabe ondarrutar bakoitzeko bana. “Aurten 18 urte bete dituztenek ere eskuratu dezakete bonoa”.

Bonoak Turismo Bulegoan jaso behar dira, martitzenetik domekara, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara; astelehenetan itxita dago Turismo Bulegoa. “1.240 bono kaleratuko ditugu eta 10 euroko balioa edukiko dute. Ez da zertan dirurik gastatu beharko; bonoa zuzenean emango zaie herritarrei, ume bakoitzeko bana”, esan du Eneritz Basurko Pagoaga alkateordeak. “Aurreko kanpainan 20 euro gastatu beharra zegoen, baina oraingoan zuzenean emango dugu 10 euroko balioa duen txartela, herritarrei gasturik suposatu gabe”.

Kanpaina honetan 1.240 bono kaleratu ditugu. Aurreko kanpainan beste 2.000 kaleratu zituen Ondarroako Udalak. 3.240 bonu hauekin apurka-apurka bada ere herritarrei kontsumo ahalmena areagotzea eta herriko denda eta zerbitzuei ere laguntza ematea da helburua. “Azken batean herritarrei eta herriko denda eta zerbitzu txikiei laguntzea da gure asmoa”.

“Gabon inguruan beste bono kanpaina bat egitea gustatuko litzaiguke. Horrez gain, ostalarientzako laguntzak ere bideratzen ari gara. Negua inoiz baino gogorragoa izango da eta Ondarroan ostalaritzak duen garrantziarekin uste dugu beraiei ere laguntza eman behar diegula”, azpimarratu du alkateordeak.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina