8,54ko nota jaso du Arrigorri hondartzak aurten erabiltzaileen aldetik, Gizaker inkesta etxeak egindako ikerketaren arabera

0

Gizakerrek Bizkaiko hondartzei buruzko ikerketa egin du, 2020ko udan erabiltzaileek eman dioten balorazioa jasotzeko. Ondarroako Arrigorri hondartzak 8,54 nota jaso du 10etik, “oso nota ona eta pozik egotekoa, eduki dugun uda sasoi zaila ikusita”, esan du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak. Covid-19ak eragindako egoerak asko baldintzatu du udako jarduna hondartzetan, baina hala eta guztiz ere, herritar gehienek ondo erantzun dutela uste du alkateak: “egongo dira gomendioak eta arauak jarraitu ez dituztenak ere, baina gehiengoak ondo bete du dena, eta hor jarri behar dugu arreta. Ondo egindakoan ere esan egin behar dugu, ez bakarrik gauzak txarto egindakoan”.

Gizakerrek emandako datuen arabera, aurten Arrigorrik uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean 90.715 erabiltzaile eduki ditu.

Inkestan, adin desberdinetako erabiltzaileek parte hartu dute eta orokorrean baloratu diren alor guztietan jaso du Arrigorrik puntuazio altua. “Erabiltzaileei eskerrak emateaz gain, benetan eskertu behar ditugu guk hondartzaz eta udaz gozatu ahal izatea posible egiten duten langile guztiak: sorosleak, hondartzainak, zerbitzuguneetako langileak, garbitzaileak… beraiek gabe ez zen izango posible Arrigorrik halako puntuazioa jasotzea. Mila esker!”.

Hauek izan dira balorazio orokorreko notak:

  • Balorazio orokorra: 8,54
  • Garbitasuna: 8,43
  • Kontserbazioa: 8,48
  • Edukiontziak eta paperontziak: 7,44
  • Sorosle zerbitzua: 10
  • Bainurako segurtasuna: 9,51
  • Sorosleen abegikortasuna: 8,93
  • Hondartzainen eraginkortasuna: 7,51
  • Herritarren segurtasuna: 8,32
  • Megafonia zerbitzuaren argitasuna: 8,89
  • Megafonia zerbitzuaren erabilera: 7,94
  • Dutxa kopurua: 10

Arrigorri hondartza.

 

Balorazio hauez gain, Gizaker etxeak Arrigorrin eskaintzen diren zerbitzuetan euskaraz aritu ahal izateko zailtasunei buruz ere galdetu du. Eduki ahal duzu euskaraz zuzentzeko arazorik edo euskaraz elkar ulertzeko arazorik Arrigorrin eskaintzen diren zerbitzuren batekin? Inork ez du baiezkorik erantzun. “Ez da albistea euskaraz aritzeko zailtasunik ez aurkitzea Ondarroan, baina bai da sintoma bat bide onean jarraitzen dugula adierazten duena. Seinale bikaina da”.

Hobetzeko puntuetako bat bizikletentzako aparkaleku kopurua da. “Geroz eta erabiltzaile gehiago joaten dira Arrigorrira bizikletaz, eta aurten aparkaleku gehiago jarri ditugun arren datorren urterako ere are gehiago ipini beharko ditugu, eskari hau asetzeko. Erabiltzaileek hobetu beharreko puntutzat jo dute hau”.

Arrigorrik aurtengo udan eduki dituen erabiltzaileen gehiengoa herritarrak izan badira ere, hauek dira erabiltzaile gehienen jatorrizko herriak, hurrenez hurren: Bilbo, Durango, Getxo eta Markina-Xemein.

Covid-19a dela ipini beharreko kartel berriak erabiltzaileen %82ak ikusi dituzte Arrigorrin, eta horiek 8,38ko nota jarri diote kartelei. Segurtasun tartea mantentzeari dagokionez, galdetutakoen %79,7ak uste du lehorrean mantendu ahal izan dela tarte hau, eta galdetutakoen %68k uste du uretan ere tarte hori mantendu ahal izan dela. Udalak asteburuetan eta marea goian zegoenean hondartza dinamikoa izateko erabakia hartu zuenean, helburua Arrigorri hondartzaz ahalik eta jende gehienak gozatzea zen. Udaletik eskari argia egin zen, horrelakoetan hiru ordu baino gehiagoz hondartzan ez egoteko, eta datuen arabera, bete da helburu hori; erabiltzaile bakoitzak, bataz beste, 3,18 ordu.

Arrigorri hondartza.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina