Kirol Batzordea batuko da eguaztenean; besteak beste kiroldegiaren etorkizuneko hobekuntzak egiteko lantaldea sortu nahi da

0

Nagore Badiola Alberdi zinegotziak Kirol batzordea deitu du eguaztenerako (azaroak 11), 19:00etan udaletxeko bigarren solairuan. Batzorde horretan, besteak beste, Zaldupe udal kiroldegiaren etorkizuneko hobekuntzak egiteko lantaldea eratzeko urratsak ematen hasi nahi da.

Kiroldegia inauguratu zenetik aldatzen joan dira herritarren eskaerak eta zaletasunak, eta etorkizunean kiroldegian egin behar diren hobekuntzak egiteko herritarren iritzia jakin nahi du udalak: “uste dugu onena erabiltzaileen iritziak jasotzea dela, beraiek baitira benetako beharrizanak ikusten dituztenak”, esan du Nagore Badiola Alberdi Kirol zinegotziak. “Gure asmoa lantalde bat sortzea da, non etorkizuneko proiektu edo asmo horiek nola gauzatu daitezkeen bideratuko den; herritarren parte hartzea bilatzen dugu”. Zinegotziak azpimarratu du batzordeak irekiak direla eta interesa duen oro dagoela gonbidatuta eguazteneko batzordera. “Plan horretan lehen urratsak ematen hasteko batzordea izango da”.

Gai horretaz gain, beste puntu hauek ere jorratuko dira eguaztenean:

  1. 2019ko abenduaren 18ko bilerako aktaren onespena, hala badagokio.
  2. 2019ko Kirol Sarien banaketa-ekitaldia.
  3. 2020ko Kirol Beka.
  4. Balorazio-batzordearen eraketa, 2019ko dirulaguntza eskaerak aztertu eta baloratzeko.
  5. Eskari-galderak.
Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina