Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta egitaraua aurkeztu du Ondarroako Udalak

0

Beste urteetan baino ekintza gutxiagorekin, Covid-19a dela eta, baina aldarrikapenak egiteko beti bezain indartsu; horrela dator aurtengo azaroaren 25a.

Azaroaren 25ean bertan, eguaztena, elkarretaratzea egingo da 19:00etan Alamedan, segurtasun neurri guztiak beteta.

Irina Alkorta Bedialauneta Berdintasun zinegotziak esan du argi zeukatela egitarauak aurrera jarraitu behar zuela, aldarrikapenak egiteko urteko egun seinalatuetako bat delako azaroaren 25a: “arau eta gomendio guztiak jarraituta posible da ekintzak aurrera eramatea eta hori izan da gure asmoa ekimenok antolatzerakoan. Gure aldarrikapenak plazara ateratzeko egun berezia da azaroaren 25a, eta murrizketak-murrizketa plazara atera behar gara”. Gaineratu du, aurten bereziki, emakumeenganako indarkeria inoiz baino ozenago salatzea behar-beharrezkoa dira: “Covid-19ak jende asko bakartu edo isolatu du, indarkeria jasaten duten emakume asko tartean. Horrek are jasangaitzagoa egiten du egoera”.

EGITARAUA:

  • Azaroak 20, barikua, 19:00etan Etxelilan*: Florencia dokumentala, Josefina Lambertoren inguruan.
  • Azaroak 25, eguaztena, 19:00etan elkarretaratzea Alamedan.
  • Azaroak 26, eguena, 19:30ean antzerkia Beikozinin*: Birritan bortxatua. Aldatzen laguntzen antzerki taldea.
  • Azaroak 27, barikua, 18:00etan Etxelilan: Beldur Barik lehiaketaren sari banaketa.

*Gonbidapenak: dokumentalerako zein antzezlanerako gonbidapenak Etxelilan jaso behar dira, dohan, bariku (azaroak 13) arratsaldetik aurrera. Aforoa mugatua izango da eta segurtasun neurri guztiak bete beharko dira sartzeko.

Txomin Agirre udal liburutegiak Azaroaren 25aren inguruko irakurketa gida berezi bat prestatu du. Proposatzen dituzten lan guztiek modu batera edo bestera emakumeenganako indarkeria, berdintasuna edo aniztasuna bezalako gaiak jorratzen dituzte. Liburu edo film horietako asko Etxelilan bertan ere badaude eskuragarri (bideoan Etxelilako logoarekin agertzendirenak). Nobelez gain, haur eta gazte literaturako lanak, fikzioa ez diren lanak eta filmak ere proposatu dituzte gidan.

[IKUSI LIBURUTEGIAK PRESTATUTAKO GIDA HEMEN]

Adierazpen instituzionala. Udalak, urriko plenoan onartu zuen aho batez azaroaren 25eko adierazpen instituzionala. “COVID-19ren pandemiak gure bizitza eta komunitateak kolokan jarri ditu. Agerian utzi du bizitza zaurgarria dela eta haren zaintza gure lehentasuna izan behar dela. Indarkeria matxista jasaten duten milaka emakumeek oso ondo dakite hori, gure artean denbora gehiegi daraman pandemia bat jasaten ari baitira”. Irina Alkortak esan du Berdintasun saileko aurrekontuetan ez dutela murrizketarik egingo eta “emakumeen ahalduntzeari eta gazteen artean indarkeriaren prebentzioari laguntzeko programak indartu” egingo dituztela, “etorkizuneko indarkeria-egoerak eragozteko funtsezko tresnak diren aldetik”. Horretarako Etxelila, Emakumeentzako jabekuntza eskola zein Udal hezkidetza egitasmoan nahitaezko baliabideak esleituko ditu udalak, egungo osasun egoerari egokitutakoak.

[IRAKURRI HEMEN ADIERAZPEN INSTITUZIONALA]

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina