Udaltzainek gaur erretiratu dituzte abandonatutako ibilgailuak kentzeko zerbitzu berriko lehen autoak

1

Iragan hilabetean hasi zen Ondarroako Udaltzaingoa zerbitzu berri hau eskaintzen. Gaur (azaroak 14) lehen hiru autoak eta moto bat kendu dituzte herriko hiru leku desberdinetatik: anexutik, portu ingurutik eta Ibaiondotik. Datorren astean beste lau ibilgailu kenduko dituzte.

Ondarroako Udaltzaingoaren telefono zenbakia: 946 833 673

Zerbitzu berriaren helburua abandonatutako ibilgailuak bide publikoetatik kentzea da, bai autoak eta baita motorrak ere. Horretarako, abandonatuta dauden ibilgailuen jabeek Udaltzaingora jo eta doako zerbitzu hau eskatu behar dute: “beharrezko paperak zein diren esango diogu, eta giltzak guri eman ostean guk kudeatuko ditugu ibilgailua txatartegira eramateko izapideak”, esan dute Udaltzaingotik. “Zerbitzua doakoa da”. Zerbitzua jaso nahi dutenek hauek eraman behar dituzte Udaltzaingora: zirkulazio baimena, ITVaren ziurtagiria, ibilgailuaren titularraren NAN fotokopia eta ibilgailuaren giltz guztiak.

Hiru auto eta moto bat kendu dora gaur.

Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Alkateak azpimarratu du uste baino auto abandonatu gehiago daudela herrian, beste ibilgailu batzuei lekua kentzen: “badakigu herrian aparkatzea arazoa dela gaur egun. Horregatik, arazo horri irtenbidea emateko neurrietako bat da zerbitzu hau. Hurrengo urratsa anexuko aparkalekua egokitu eta bertan 150 bat ibilgailurentzako aparkalekua sortzea izango da. 2021ean Itsasaurreko aparkalekuaren bideragarritasun azterketa egiteko kontratua esleitzea ere aurreikusten dugu”.

Abandonatutako ibilgailuak. Ibilgailuak bide publikoetan abandonatzea ez dago baimenduta, eta horregatik, abandonaturik dauden ibilgailuen zerrenda bat egiten ari da Udaltzaingoa. Ibilgailu horien jabeekin harremanetan jarriko dira zer egin erabakitzeko, eta bestela, bide publikotik kenduko ditu. Ez dira abandonatutzat jotzen, nahiz eta itxura hori eduki, epaitutako kasuren batekin lotura daukaten ibilgailuak, epaileak behin-betiko aginduren bat eman arte: lapurtutakoak, enbargatutakoak edo istripuren batean zerikusia eduki dutenak kasu.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Iruzkin 1

Idatzi zure iruzkina