Abenduko kultur egitaraua aurkeztu du Ondarroako Udalak; sarrerak Turismo Bulegoan daude salgai

0

Ekitaldietarako sarrerak edota gonbidapenak Turismo Bulegoan erosi edo jaso daitezke, martitzenetik domekara 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Pertsona bakoitzak bost sarrera edo gonbidapen hartu ditzake ekitaldi bakoitzerako gehienez.

Ondarroako Udalak urtero antolatzen duen Gabonetako egitaraua abenduko kultur egitaraua bihurtu da aurten, Covid-19a dela eta ohikoak izaten diren hainbat ekimen antolatzea ezinezkoa baita, bai formatu aldetik eta baita ikusleen segurtasuna bermatzearen aldetik ere. Udalak gogorazi nahi du protokolo berriak direla eta sarrerak erosterakoan ekitaldira joango diren pertsonen izen-abizenak eta telefono zenbakia eman behar direla Turismo Bulegoan, zerbait gertatuko balitz ekitaldi bakoitzean zein egon den zehatz jakiteko lehenbailehen.

Aritza Aristondo Natxiondo Kultura zinegotziaren esanetan, orain arte egin bezala, argi zeukaten Gabonetan ere kultur egitarau bat antolatu behar zela, mugak-muga, herritarrek kulturaz gozatzeko aukera eduki dezaten: “udalak bere sail ezberdinen bitartez (kultura, euskara, berdintasuna) antolatutako ekintza ia guztietan bete dira aforoak eta hori jendeak kultura gosea duen seinalea da; oso ondo joan dira Kultur Uheri, Literatur Amuak, Azaroaren 25aren inguruan antolatutako ekintzak… helburua bide hori jarraitu eta Gabonetarako ere eskaintza zabala antolatzea izan da”.

Barre algaraka. Barre algaraka ikuskizuna herriko bost aktorek osatutako emanaldia izango da, Fede Badiolaren zuzendaritzapean. Ainhoa Etxebarria, Iñaki Maruri, Fede Badiola bera, Aitor Artetxe eta Nerea Gartzia igoko dira oholtzara. Asier Ituarte, Jabi Ituarte eta Josu Eizagirre dira kolaboratzaileak. “Aste Santuan konfinatuta geundenean bakarrizketa saioek izan zuten arrakasta ikusirik, garbi geneukan Gabonetako ekitaldi bat hau izango zela. Milaka ikustaldi eduki zotuzten udalaren sare sozialetan eta orain oholtzara eramatea erabaki dugu. Fede Badiola arduratu da zuzendaritzaz”. Zinegotziak jende ugari espero du ekitaldi honetan eta esan du horregatik bi emanaldi antolatu dituztela egun berean: 17:00etan bat eta 19:30ean bestea. Sarrerak Turismo Bulegoan daude salgai: 5€.

‘Barre Algaraka’ saioan parte hartuko duten Nerea Gartzia, Fede Badiola eta Ainhoa Etxebarria.

Publiko guztientzako jarduerak egongo dira abenduaren 13tik 28ra Ondarroan.

  • Abenduak 13, domeka. Bi saio: 16:00etan eta 19:00etan. Pirritx, Porrotx eta Marimotots: Amaren intxaurrak ikuskizuna. Sarrera 5€.
  • Abenduak 18, barikua. 19:00etan Kofradia Zaharrean. 2019ko kirol gala. Aforoa mugatua denez gonbidapenak behar dira.
  • Abenduaren 18tik urtarrilaren 10era. Udal Erakusketa Aretoan, Euskal Herriko Animazioaren Erakusketa (1980-2004). Ordutegia: astegunetan 18:30etik 21:00etara eta asteburu eta jai egunetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 21:00etara.
  • Abenduak 20, domeka. 17:00etan eta 19:00etan. Barre algaraka bakarrizketa saioa: Ainhoa EtxeBArria, Aurori Badiola, Fede Badiola, Ferlan eta Nerea Gartzia. Sarrerak agortuta daude.
  • Abenduak 23, eguaztena. 22:00etan Radixu irratian (105.5FM edo radixu.info): Azken Mohikanoak irratsaioa, Euskal Herriko Animazioaren Erakusketari eta Black is Beltza filmari buruzko irratsaio berezia.
  • Abenduak 26, zapatua. 19:00etan Bide Onera zineman: Black is beltza pelikula. Sarrerak Turismo Bulegoan daude salgai: 3€.
  • Abenduak 27, domeka. 19:00etan Bide Onera zineman: Bi urte, lau hilabete eta egun bat (ikusi trailerra hemen) dokumentala. Sarrerak Turismo Bulegoan daude salgai: 3€. Lander Garro zuzendariak egingo du dokumentalaren aurkezpena.
  • Abenduak 28, astelehena. 19:00etan Bide Onera zineman: Sitio distinto (ikusi trailerra hemen) dokumentala. Sarrerak Turismo Bulegoan daude salgai: 3€.

Sarrerak eta gobidapenak Turismo Bulegoan daude eskuragarri, martitzenetik domekara, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Gehienez pertsonako eta ekitaldiko 5.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna izaten da urtero Gabonetako egitarauan jende gehien batzen duen ikuskizuna. Aurten baina, Covid-19a dela eta ezinezkoa da halako jendetzarik batzea eta horregatik udalak bi ikuskizun porgramatu ditu egun bererako: abenduak 13, domeka, 16:00etan eta 19:00etan kiroldegiko kantxan. Sarrerak ahalik eta modu berdintsuenean banatzeko, ikastetxeen bidez interesdunek euren izena emateko aukera eduki dute, eta orain, 400 eskari baino gehiago daudenez (ikuskizun bakoitzerako aforoa 200 bat lagunera murriztu behar izan da araudi berriekin), zozketa bidez erabakiko da nork edukiko duen aukera sarrerak erosteko.

2019ko kirol gala udaberrian zen egitekoa, baina Covid-19ak ekitaldia bertan behera uztea eragin zuen. Orain, abenduaren 18an Kofradia Zaharrean emango zaizkie sariak Nerea Badiola eta Amaia Galdosi, Inhar Urruzunori eta Aurrera Mendi Taldeko eskalada taldeari eta Aitor Aulestiari aipamen berezia ere egingo zaio. Ez da beste urteetakoa bezalako ekitaldia izango, motzagoa eta jende gutxiagorekin, Covid-19a dela eta arriskuak murriztu eta segurtasunez jokatzeko.

‘Barre Algaraka’ saioan parte hartuko dutenak eta udal ordezkariak.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina