Ondarroako Udalak 5.000 euroko laguntza zuzena eman dio Danonartin elkarteari, herriko dendetan elikagaiak erosteko

0

Ondarroako Udalak 5.000 euroko laguntza zuzena eman dio Danonartin elkarteari elikagaiak erosteko eta gero herritarren artean banatzeko. Diru laguntza hori herriko janari dendetan gastatzeko da, horrela, Danonartin elkarteari laguntzeaz gain herriko janari dendei ere bultzadatxo bat ematen lagundu nahi izan du udalak.

Alkatea eta zinegotziak ere aritu ziren elikagai bilketan.

Ongizate batzordetik adierazi dute laguntza horrek daukan helburu bikoitza oso garrantzitsua dela: 5.000 euroko diru laguntza hori herrian geratuko da azken batean, eta horrek laguntza hori jende gehiagorengana iristea ahalbidetuko du: “Danonartin elkartearengana eta bere bidez herritarrengana alde batetik, eta dendariengana bestetik”. Esan dute laguntza hori oso garrantzitsutzat zeukala udalak, Danonartinek egiten duen lana are garrantzitsuagoa bilakatu baita Covid-19arekin: “laguntza behar duten familiak areagotuz doaz, eta guk ere gure ohiko laguntzaz gain beste bat ematea ezinbestekoa dela ikusi dugu”.

Azken bilketa berezian 3.000 kilotik gora elikagai batu ziren eta oso pozik geratu ziren Danonartineko kideak. Eskerrak eman zizkieten modu batera edo bestera parte hartu zuten guztiei.

Danonartin elkarteak herritarrei laguntzen oinarritzen du bere jarduna eta Covid-19aren pandemia hasi zenetik geroz eta sendi gehiagori ematen die laguntza: azken banaketan ia 70 familia (200 lagunetik gora) zeuden zerrendan; zerrenda hori beti gizarte zerbitzuek bideratzen dute.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina